Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lowlands

edo Scottish Lowlands. (Eusk. Herbehereak edo Eskoziako Herbehereak). Eskoziako erdialdeko lurraldea, Grampiar mendien eta Southern Upplands goi-ordokien artean, Clyde ibaiaren estuariotik (mendebalean) Forth ibaiaren estuarioraino (ekialdean) hedatzen dena. Eskoziako biztanle gehien duen eskualdea (eskoziarren % 80) eta industrializatuena da. Sartaldea hezeagoa da, eta abereak (behi eta ardi azienda) hazten dira eta bazkarako landareak egiten; sortaldea eguzkitsuagoa da, eta laboreak, patata, azukre erremolatxa, barazkiak eta fruitu arbolak izaten dira. Lurralde honetan dago Eskoziako ikatz-arro nagusia (25 milioi tona urtean) eta horren bidez metalurgia sendoa eratu da. Industria Glasgow-eko hirian eta Clyde ibaiaren ertzetan aurkitzen da: industriarako hornidura, kimika industria, ontziolak.