Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lovell, Bernard

Britainiar astronomoa (Gloucestershire, 1913). Bristolgo Unibertsitatean ikasi zuen, eta Manchesterkoan egin zituen lehen ikerkuntzak. Bigarren Mundu Gerran Britainia Handiko Aire ministerioan ibili zen radar eta nabigazio sistemak ikertzen. 1945ean Jodrell Bank Experimental Station sortu zuen izpi kosmikoak ikertzeko, eta bertako zuzendaria izan zen. Manchesterko Unibertsitatean Irrati astronomiako irakaslea izan zen 1950etik 1980ra. 1957an inoizko irrati teleskopiorik handiena eraiki zuen espazioz kanpoko irrati emisioak aztertzeko. Idatzitako liburuen artean ditu: Zientzia eta zibilizazioa (1939), Espazioaren ikerkuntza irrati bidez (1957), Norbanakoa eta unibertsoa (1961).