Loire, Pays de la
(Fr. «Loirako Herria»). Frantziako mendebaleko lurraldea, Loire-Atlantique, Maine-et-Loire, Mayenne, Sarthe eta Vendée departamenduek osatua. 32.126 km2 eta 2.930.398 biztanle. Loire-Atlantique departamendua (Nantes, Naoned bretoieraz, hiriburu) Bretainiako lurra da berez eta historia berezia duten lurraldeak (Vendée-Poitou, Anjou, Maine,…) bildu dira, Nantes aldearekin batean, lurralde honetan. Hiriburua: Nantes. Hiri nagusiak: Saint-Nazaire, Laval, Le Mans, Angers, Cholet, Saumur eta La-Roche-sur-Yon. v Orografia eta klima. Lurralde apala da oro har; Normandia Behereko mendi muinoak daude iparraldean (Avaloirs, 417 m, eta Les Coëvrons, 357 m, mendialdeak Mayenneko iparraldean) eta Bretainiako ekialdeko ordokiak erdialdean eta hegoaldean. Basoa eta belardiak dira nagusi Loire ibaiaren bazterretan, eta lur hareatsua itsasaldean, Vendée aldean bereziki. Klima gozoa da bertakoa: udaberriak goiztiarrak dira eta udazkenak luze argiak. Hezetasun maila handia den arren, ez du euri asko egiten: 800-900 mm iparraldeko mendialdeetan eta 550 mm erdialdeko ordokietan. v Ekonomia. Nekazaritza arloak garrantzi handia du. Nekazaritzaren % 70 abere hazkuntzak hartzen du (behi azienda eta esnea), laboregintzak % 8 baizik ez; bertako barazkiak eta ardoak (muscadet, anjou) oso aintzat hartuak dira. Arrantza garrantzitsua da Saint-Nazaire aldean, Les Sables d’Olonne eta uharteetan (Noirmoutier eta Yeu-ko uharteak). Ekonomia alorreko lanpostuen % 35 industriaren ingurukoak dira: janari industria (barazki kontserbak, haragia, esnekiak), mekanika industria, ontziolak, automobilgintza, kimika industria. Lau industria hiri nagusi daude: Le Mans, Angers, Nantes eta Saint-Nazaire. Apalagoak dira Laval, Saumur eta La-Roche-sur-Yon hirietako industrialdeak. Cholet aldean lihoaren industria zabaldu da bereziki. Kostaldean turismoak hazkunde berezia izan du.
- loina
- Loiola
- Loiolakoa, Inazio
- Loira
- Loire, Haute-
- Loire, Pays de la
- Loire
- Loire-Atlantique
- Loiret
- Loir-Et-Cher
- Loiti