Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Loira

(Frantsesez, Loire). Frantziako erdialdeko ibaia, bertako luzeena. 1024 km. Massif Central-eko mendien hegoaldean sortzen da (Gerbier-de-Jonc, Cévennes, 1374 m) eta Ozeano Atlantikoan itsasoratzen da Bretainiako hegoaldean (Saint-Nazaire). Loira ibaiaren arroak Frantziako hedaduraren bosten bat hartzen du (117.000 km2), Auvernia, Centre, Pays de la Loire eta Bretainiako lurraldeak igarotzen baititu. Allier du ibaiadar nagusia, ezkerraldetik (Le Bec d’Allier, Bourbonnais), eta beste adar ugari jasotzen ditu eskuin-ezker ibilgu osoan zehar: Loiret, Beuvron, Cher, Indre, Vienne (Creuse-rekin bat egin ondoren) eta Sèvre ezkerraldetik, eta Maine, Sarthe, Mayenne eta Erdre eskuinaldetik. Nantestik aurrera bokale eta itsasadar zabal bat osatzen du, Ozeano Atlantikorako bidean. Udaberrian eta udazkenean ur handiak izaten ditu, euriteen eta elurteen eraginez, eta udan izan ohi du maila behereena. Erromatarren garaietatik XIX. mendean burdinbidea zabaldu zen arte ontziz ibiltzeko ibaia izan da, baina gaurko egunean ontzizko garraioak ez du inolako garrantzirik, Nantestik aurrera ez bada. Loira ibaiaren bazterretan eraiki ziren gazteluek ospe handia dute. XV. mendekoak dira lehenengo gazteluak (Amboise) eta bereziki ugaldu ziren Berpizkundearen garaian Blois, Tours, Berry eta Anjouko lurraldeetan.