Lekuona Etxabeguren, Manuel
Gipuzkoako idazlea (Oiartzun, 1894 - Oiartzun, 1987). Gasteizko apaizgaitegian ikasketak egin ondoren apaiz egin zen 1916an. Apaizgaitegi hartako euskara eta euskal literaturako irakasle izan zen 20 bat urtez. 1919an sortu berri zen Euskaltzaindiko euskaltzain urgazle izendatu zuten. Eusko Ikaskuntza erakundeko sortzaileetako bat izan zen. 1924an Kardaberaz Bazkuna sortu zuen eta bera izan zen zuzendari. Kardaberaz Bazkuna elkarteak Euskal Herriko arte eta historiari buruzko lan garrantzitsuak eman zituen argitara: Gabon Kantak (1933), Eun dukat (1935), Martin anaiarekin batera idatziriko antzezlana eta Antzerti aldizkarian argitaratua. Urte hartan bertan gipuzkerara itzuli zituen Jean Barbierren Sorginak eta Piarres Larzabalen Akillomendi. 1935ean Literatura oral euskérica lan handia plazaratu zuen. Gerra garaian Lasarteko komentu batean ezkutatuta egon zen. 1948koa da Jesus Aurraren Bizitza eta 1949koa Gerrateko nere amabi kanta. Hurrengo urtean euskaltzain oso izendatu zuten eta bere sarrerako hitzaldia Euskera aldizkariak jaso zuen Gorotzika´tik Gurutzeaga´ra izenburupean. Ahozko literaturaren alorrean ere, lan gaitza egin zuen. 1967an, Euskaltzaindiaren urrezko ezteiak ospatzear zeudela, Euskaltzaindiko Lehendakari hautatu zuten. Gasteizko Ikaskuntza Teologikoko seminarioak Doctor Honoris Causa izendatu zuen 1980an Jose Migel Barandiaranekin batera. RIEV, Euskalerriaren Alde, Eusko Folklore, Antzerti, Euskera, Egan, Euskalerriaren Adiskideak elkarteko buletina, Euzko Gogoa, El Bidasoa, Oiarso, Príncipe de Viana, Kardaberaz Bazkuna, Arantzazu, Gure Herria eta Eusko Ikaskuntzako erakundeak plazaraturiko aldizkarietan eman zituen argitara lan garrantzitsuenak. Aipaturikoez gainera nabarmentzekoak dira Belenen, Bizia Maite-irria eta Tanzlied olerkiak, arteari buruzko Romanikoa Gipuzkoa´n, El Monasterio de MM Brígidas de Lasarte, Parroquia de S. Pedro de Lasarte, Fuentes de la M. Rafols, Ciencia Tomista, La catedral de Calahorra, Iglesia de Santiago de Calahorra eta La iglesia parroquial de Andoain, literaturari buruzko Orixe´ren Euskaltzaindian sartzea eta Brabanteko Jenobeba obrako aintzin-solasa eta obra erlijiosoak. 1978az gero Kardaberaz Bazkunak Manuel Lekuonaren Idazlan Guztiak argitaratu zituen 12 liburukitan.