Lekuona Etxabeguren, Martin
Gipuzkoako idazlea (Oiartzun, 1907 - Hernani, 1936). Gasteizko apaizgaitegian ikasketak egin ondoren 1932an apaiz egin zen. Gazte-gaztetatik hasi zen euskal kulturaz arduratzen, eta apaizgaitegian zela Gymnasium hango aldizkarian idazten hasi zen. Apaiz lanetan Arabako Musitu herrian hasi bazen ere, 1935ean Errenteriako erretorearen laguntzaile izendatu zuten. Urte hartan bertan Eun dukat (Manuel anaiarekin batera idatzia) antzerkia argitaratu zuen. Martin Lekuona euskal sindikalismo katoliko abertzalearen alorrean nabarmendu zen urte haietan. Gerra Zibila hasi zenean uko egin zion ihes egiteari, eta 1936ko urrian atxilo hartu zuten. Ondarretako espetxean lau bat egun eduki ondoren, Hernani ondoko Galarretan fusilatu zuten azaroan.