Lekuona Nazabal, Nikolas
Gipuzkoako pintorea (Ordizia, 1913 - Fruiz, 1937). Industria marrazketa ikasketak egin zituen Donostian. 1932an egin zuen bere lehen erakusketa Ordizian. Madrila joanik, abangoardiako artistekin (Gomez de la Serna, Abril, Ferrant) harremanetan hasi zen. 1933an Donostian egin zen Artista berrien lehiaketan bigarren izan zen Ellos, los detritus obrarekin eta handik urte betera Oteizarekin eta Balenziagarekin batera Donostiako Gran Kursaaleko erakusketan parte hartu zuen. Lekuonaren margolanek eta argazki muntaiek surrealismoaren eragina izan zuten orduan. Abertzaletasunarekin harreman estuak izan bazituen ere, Balenziagak eta Oteizak bezala, etnizismotik ihes egin zuen. 1935-1936 urte bitartean arkitektura proiektu handiak egin zituen arrazionalismoaren bidetik. Pinturaz gainera argazkigintza eta zinemagintzarako gidoiak landu zituen. Jean Cocteau-k eragin handia izan zuen alderdi horretatik. Gerra Zibilean Bizkaian egin zuen borroka eta bertan hil zen 24 urte zituela. Handik aurrera eta 40 bat urtez Lekuonaren lana ez aipatua izan, harik eta berriro ezagutzera eman den arte. Harrezkero erakusketa ugari egin da.