Kwarizmi, Muhammad ibn Musa al-
Arabiar matematikari eta astronomoa, Bagdadeko eskolakoa (Bagdad, 780 inguruan - Bagdad, 850 inguruan). Bagdaden bizi izan zen al-Mamun eta al-Mutasim kalifen garaian, arabiar zientziaren lehenengo urrezko aroan. Oinarrizko matematika liburu bat argitaratu zuen, Kitak al-jabr wa al-muqabalah (Osagaien eta berdinketen liburua): ekuazio ebazpenerako legeak, geometria oinarriak, eta herentzia kontuetan diru banaketari dagozkion arazoen konponbideak biltzen dira bertan. Babiloniarren, hebrearren, greziarren eta indiarren matematika tradizioak bateratu zituen. XII. mendean latinera itzuli zen liburu hori, eta berebiziko eragina izan zuen Europako matematikaren garapenean; liburu horren izenburutik dator, hain zuzen, Aljebra izena bera. Indiarren eta arabiarren zenbaketa sistemari buruzko beste lan baten latinezko itzulpena besterik ez da gorde gaur arte: Algoritmi de numero Indorum (Al-Khwarizmirena, indiarren zenbaketari buruz). Izenburu horretatik sortua da algoritmo hitza. Astronomiako taula batzuk ere bildu zituen, Brahma-siddhanta sanskritozko obran oinarritua batez ere. Taula horietan agertzen dira lehendabiziko sinu kalkuluak arabiarren matematikan.
- Kwabena Nketia, Joseph Hanson
- kwakiutl
- Kwangju
- Kwangsi
- Kwangtung
- Kwarizmi, Muhammad ibn Musa al-
- Kwasniewski, Alexander
- Kwazulu
- Kweichow
- Kydland, Finn Erling
- Kylian, Jiri