Kwasniewski, Alexander
Poloniar politikaria (Dojlidy, Bialystok, 1954). Ekonomia ikasketak hasi zituen Gdansken, baina burutu gabe utzi zituen. Suedian eta Estatu Batuetan lan egin zuen denboraldi laburrez, 1970eko hamarraldiaren erdialdera. Poloniara itzulitakoan, Poloniako Langileen Alderdi Batuko kide egin zen, erregimenak onartzen zuen alderdi bakarrekoa alegia. 1981ean egunkari bateko zuzendari izendatu zuten, baina hilabete gutxi batzuk geroago, Wojciech Jaruzelski jeneralak gerra legea ezarri zuenean, itxi egin zuten. Egunkaria atzera zabaldu zenean, Langileen Alderdia bultzatu zuen estatuaren zentsura salatu gabe. 1984an, Sztandar Mlodych egunkari ospetsuaren erredakzio buru gisa lan egin zuen. Urtebete geroago, Jaruzelskik Gazteria eta Kiroletako ministro izendatu zuen. 1989an, gobernu komunistak Solidarnosc sindikatuaren eskuetan utzi zuenean aginpidea, sindikatuaren buru Lech Walesarekin negoziatu zuen zuzenean. Urtearen amaieran, komunistak izandako politikari talde batek Poloniako Errepublikaren Sozialdemokrazia alderdia sortu zuen, Kwasniewskiren gidaritzapean. 1991n Legebiltzarreko kide hautatu zuten, eta ezkerreko eta komunistak izandako beste alderdi batzuekin batera, Ezkerreko Batasun Demokratikoa sortu zuen. Lech Walesaren lehendakaritzapean antikomunisten artean izan ziren tirabirak ondo baliatuta, Ezkerreko Batasun Demokratikoak irabazi zituen 1993ko legebiltzarrerako hauteskundeak. 1995ean lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zuen bere burua. Autobusean ibili zen Polonia osoan zehar, mendebaldeko politikarien gisara, eta joera politiko desberdinak adostuko zituen eta herrialdea mende berrira eramango zuen buruzagi gisa saldu zuen bere burua. Walesak bezala, Polonia Europar Batasunean eta NATOn sartzeko asmoari eutsiko ziola adierazi zuen, eta 1989an ezarritako erreforma politikoei eta ekonomikoei eutsiko ziela halaber. Lehendakari hautatu zuten, botoen % 51,7 jasota.
- kwakiutl
- Kwangju
- Kwangsi
- Kwangtung
- Kwarizmi, Muhammad ibn Musa al-
- Kwasniewski, Alexander
- Kwazulu
- Kweichow
- Kydland, Finn Erling
- Kylian, Jiri
- Kyongsan-nando