Johns, Jasper
Estatubatuar pintore, eskultore eta artista grafikoa (Augusta, Georgia, 1930). Oso garrantzitsua izan da XX. mendearen erdialdeko Estatu Batuetako artearen garapenean. 1954an garai hartan nagusi zen espresionismo abstraktua alde bat utzi eta guztiz bestelako eran hasi zen pintatzen. Dianak, Estatu Batuetako ikurrina, zenbakiak, alfabetoko letrak eta abar ziren bere margolanen gaiak. Pintura geruza lodiak jarriz pintatzen zuen, margolana bera gauza ezagunen erreprodukzio huts izan beharrean, objektu bilakatuz. “Objektu-den-artea” kontzeptuak eragin handia izan zuen handik aurrera eskulturan eta pinturan. 1950eko hamarkadaren azken aldera, Johnsen lanak askeagoak egin ziren. Batzuetan benetako objektuak jartzen zituen oihalaren gainean, erregelak eta konpasak, esate baterako. Hasiera faltsua (1959, Scull bilduma, New York), umorez eta esanahien jokoz betetako lana da, Pop Arten aurrekaria. Bertan etiketa okerrak eta margotutako objektuen gainean koloretako orbanak pintatu zituen. 1987an berriz ere bide berriak zabaldu zituen, New York hirian Urte sasoiak izeneko lau laneko ziklo bati ekinez. Ziklo hori oso garrantzitsutzat jo izan da Estatu Batuetako artearen historian.