Johnson, Eyvind
Suediar eleberrigilea (Svartbjörnsbyn, Norrland, 1900 - Stockholm, 1976). Familia apal batean sortu zen. Lanbide askotan jardun zuen eta bidaia asko egin zituen literaturan hasi aurretik. Gai berriez gainera, kontaketa teknika berriak ere sarrarazi zituen Suediako literaturan, errealismo klasikotik aldenduta. Gide, Joyce eta Proust idazleen eragin nabarmena du bere lanetan. Kapitalismo modernoaren jokaera salatu zuen Bobinack eleberrian (1932), lan baldintzak izan zituen kontagai Regn i gryningen (1933, Euria eta egunsentia) obran, bere langile esperientzia agerian utzi zuen Romanen om Olof autobiografia obran (1934-1937, Olofen eleberria) eta nazismoaren aurkako joera garbia agertu zuen Krilon obran (1941-1942). Bigarren Mundu Gerra garaian eta ondoko urteetan totalitarismoaren aurkako idatzi asko zabaldu zituen: Strändernas svall (1946, Ulises zoriontsu) eta Hans nädes tid (1960, Jaun txit agurgarriaren egunak). v 1974an Literaturako Nobel saria jaso zuen, Harry Martinsonekin batera.