Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Johannesburgo

(Ing. Johannesburg). Hegoafrikako ekialdeko hiria, Witwatersrand urre meatzen lurraldean (Transvaal herrialdea). Hegoafrikako Errepublikako hiri handiena izan da 1983. urtea arte; urte hartan bereizi zen Sowetoko hiri beltza (South-Western Townships, hego-mendebaleko udalak) Johannesburgo udaletik. 632.369 biztanle ditu Johannesburgok (1985), eta 1.000.000tik gora Sowetok. Urrea aurkitu bezain laster eraiki zuten, 1886an, eta errepublikako industria- eta finantzagune nagusia da. Urreaz gainera, badira bestelako industriak ere: janari, kimika eta mekanika industriak, ehungintza, etab. Nazioarteko bi aireportu: Palmietfontein eta Jan Smuts. Unibertsitatea eta apezpiku egoitza. Johannesburgoko biztanleria larruazalaren kolorearen arabera dago banatua: hiriaren erdialdea aberatsa da, dotore eta modernoa, eta bertan bizi da jende zuria. Jende beltz gehiena Soweto aldean bizi da, guztiz egoera txarrean. Lemasia izeneko aldean asiar jatorriko jendea bizi da (txinatarra, indiarra eta japoniarra). Sowetoko hirian izan dira azken hamarkada hauetan apartheid-aren eta arrazismoaren aurkako borroka latzenak.