Joglars, Els
Katalan antzerki talde independentea. Mimoen talde klasiko gisa sortu zuten 1963an, baina urte gutxiren buruan hitza ere erantsiz joan ziren. Sortu zenetik Albert Boadella izan du zuzendaria. 1980ko hamarraldiaz geroztik Espainiako antzerki taldeen ereduetako bat bihurtu da. Taldearen ezaugarririk nabarmenenak alde batetik umore kritiko, lotsagabe eta adeigabea, eta bestetik espazio-denbora aukeren bilaketa etengabea (italiar erara) dira. Frankismoaren garaian, katalanez mintzatu ezin zirenez, zentsura ekiditeko antzezbide berriak asmatu behar izan zituzten: 1970eko hamarraldia arte antzerki mutuak egin zituzten, baina berritzaileak, aurrerakoiak eta oso barregarriak zirenez, mimo klasikoen mugak gainditu zituzten. 1974an bi hizkuntzatan antzezten hasi ziren, katalanez eta gaztelaniaz. Garai hartan antzeztu zuten beren obra nagusietako bat: Alias Serrallonga. Baina lehenago ere eginak zituzten ehunka antzezlan Espainian eta Espainiatik kanpo: Mimodramas (1963), L’art del mim (1964), Deixebles del silenci y pantomimes de Music-Hall (1965), Mimetismes (1966), Calidoscopi (1967), El diari (1968), El joc (1970), Cruel urbis (1972) eta Maridóus (1973). 1977an taldea epaitu eta kondenatu egin zuten, La torna antzezlanean preso politiko baten hilketaren parodia egiteagatik; ondorioz, bertako kideek atzerriratu egin behar izan zuten. Haietako batzuek, Albert Boadella zuzendari zutela, M-7 Catalónia eratu zuten Frantzian. Espainiako trantsizio garaian Kataluniara itzuli, eta Bartzelona inguruko herri batean finkatu ziren. Harrezkero, lan nabarmen, ironiko eta poetikoak antzeztuz aritu dira etengabe: Ubu president, Laetius, Teledeum, Bye bye Beethoven, Yo tengo un tío en América eta El nacional, besteak beste.