Jeriko
(Arab. Ariha). Palestinako antzinako hiria, Zisjordanian, Israelgo estatuak okupaturiko lurraldeetan, Jordan ibaiaren haranean, Itsaso Hiletik hurbil. 70.000 biztanle. Itsas mailatik 250 m beherago, Itsaso Hilaren hegoaldean. Fosfato hobiak. v Historia. Nahiz eta gaur egun oasis bat baino ez izan, hiri handi ederra izan zen antzina. Israeldarren aurreko garaian Astarte ilargiaren jainkosari eskaini zitzaion hiria. Kanaandarren hiri nagusietakoa izan zen. K.a. 1479 inguruan Egiptok menderatu zuen. Ondoren Josuek eraso eta deuseztatu zuen. Han bizi izan zen Herodes eta Itun Berriaren arabera, Jesusek ikusteko ahalmena eman zion Jerikon itsu bati. Arkeologia ikerketa ugari egin da Jerikon, britainiarren eta alemanen eskutik batez ere. K.a. 6800. urteko aztarnak aurkitu dira eta horrek frogatzen du munduko hiririk zaharrenetakoa dela. Buztinez egindako buru bat aurkitu da, giza irudiaren aztarnarik zaharrenetakoa dena. Beste zenbait gauzaki ere aurkituak izan dira: eskulturak, ontziak, omeiar gaztelu baten aztarnak eta X. mendeko sinagoga bizantziar bateko mosaikoak.