jerbo
iz. Zool. Dipodidoen familiako karraskaria. Belarra eta intsektuak jaten ditu. 25-40 eguneko ernaldia izaten du, eta 2-6 ume egin ditzake. v Jerbo hanka-iletsua (Dipus sagitta). Hiru behatzeko hanka iledunak dituena, eta 2 cm inguru luze dena. Udaberrian eta udan ile horixka izaten du. Udazkenean eta neguan berriz gorrixka. Belarriak motz samarrak izaten ditu eta isatsa oso luzea. v Basamortuko jerboa (Jaculus jaculus). 10 cm inguru izaten da luze, eta puntan ixipu moduko ile luzeak dituen isatsa du, 20 cm inguru luzekoa. Aurreko hankak oso laburrak ditu eta atzekoak, aldiz, oso luzeak eta sendoak. Bizkarreko ilea hondar kolorekoa izaten du, zuria sabelaldekoa. Aurreko hanken eta hortzen bidez egiten dituen zulo adartsuetan ematen du eguna, eta gauez ateratzen da janari bila; haziak eta belar kimuak jaten ditu. Afrikako iparraldean bizi da.