Jeremias
(Hebreeraz, Yirmeyahu). Israelgo lau igarle handietako bat; Itun Zaharreko igarlea, Benjaminen leinukoa, Helziasen semea (Anatot, K.a. 650 - Egipto, K.a. 580). Josias errege zen garaian hasi zen igarkizunak egiten. Jendeak Jainkoaren legea bihotzez onar zezan nahi zuen Jeremiasek, eta ez itxuraz onartzea soilik. Bere mezuak oso ausartak ziren, eta horregatik, arriskuan bizi izan zen Joakin erregearen garaian eta baita Sedeziasenean ere. Juduen bekatuan egotearen arrazoia hango erakunde erlijiozko eta politikoetan zegoela zioen. Haren esanen eragina ez zen igarri Egiptoko Tahpanhes herrian harrika hil zuten arte. Juduek hil zutela esaten da. v Jeremiasen deitoreak. Bost olerki elegiakoz osatutako liburu laburra. Jerusalemek herri kaldearren mende egondako garaia nola bizi izan zuen kontatzen du. Zigorra Jainkoak emana dela frogatu nahi du, eta Jainkoak norbait zigortzen duenean ere hartaz errukitu egiten dela erakutsi. v Jeremiasen liburua. Bibliako liburua. Bi parte ditu, liburuaren bi gai nagusiei dagozkienak: igarleak Judako herriari eta nazio paganoei bidalitako mezua (poetikoa batzuetan) agertzen da lehenengo, eta Jeremiasen biografia datuak ondoren, igarlearen samina eta Jerusalemen gainbehera erakusten dutenak. Baruk Jeremiasen idazkariak idatzi zuen lehenengoz, baina Joakin erregeak hondatu egin zuen eta beste bertsio bat idatzi zen.