Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jaffa

edo Jafo. Palestinako hiri arabiarra, Mediterraneo itsasoaren ertzean, Tel Aviveko aldirian. Tel Aviveko administrazioarekin lotu zuten juduek 1948an. 100.000 biztanle. Metalurgia eta ehungintza.  v  Historia. Guztiz zaharra da Jaffako hiria (han lehorreratu zen Jonas Bibliaren arabera). Egiptoarren mende egon zen K.a. 1465. urte aldera eta filistindarrek, asiriarrek, greziarrek eta juduek (Juda Makabeo) eduki zuten mendean geroko garaietan. Berebiziko garrantzia izan zuten hango itsas lapurrek erromatarren garaian (Vespasiano). Arabiarrek hartu zuten 636. urtean. Kristauen esku egon zen 1099-1187 eta 1204-1275 bitarteko urteetan. XIV. eta XV. mendeetan etorri zen Jaffako hiriaren gainbehera. Napoleon Bonaparteren oste frantsesek setiatu zuten 1799. urtean eta, egiptoarren eta otomanoen mendean egon ondoren, armada ingelesa izan zen bertan 1917an. Arabiar abertzaletasunaren gune nagusia izan zen Israelgo estatua sortu eta Tel Aviv hiriari lotu zitzaion arte.