Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jagi-Jagi

Eusko Alderdi Jeltzaletik bereizi zen Hego Euskal Herriko erakunde abertzalea. 1932an gorpuztu zen Bizkaian lehen taldea, Elias Gallastegiren eta Jagi-Jagi izeneko astekariaren inguruan eta, denbora joan ahala, Eusko Alderdi Jeltzalearen hitzarmen-politikarekin bat ez zetozen gazte ugari bildu zen erakunde berrira, Bizkaian bereziki. Jagi-Jagik Euskal Herriaren independentziaren aldeko borroka zuzena proposatzen zuen, Espainiako alderdi politikoekiko konponbide oro baztertzen zuen eta, kapitalismo handiaren aurka, ekonomia eta gizarte harreman zuzenagoak nahi zituen. Jagi-Jagik zailtasun ugari izan zuen bere bidean (behin baino gehiagotan debekatu zieten astekaria). 1936. urtean Espainiako errepublikaren aurka Franco altxatu zenean, hura espainiarren arteko gatazka zelarik euskaldunek ez zutela parte hartu behar argudiatu zuten Jagi-Jagiko buruzagiek. Nolanahi ere, bi batailoi eratu zituen Jagi-Jagik Bizkaiaren defentsarako. Gerraren ondoren taldea desegin zen, Baionan 1946-1948 urteetan izen bereko aldizkari bat sortu bazen ere.