Jackson, Andrew
Estatu Batuetako politikaria, eta zazpigarren lehendakaria, (Waxhaw, Hego Carolina, 1767 - Hermitage, Tennessee, 1845). Hegoaldeko Carolinako Epaitegi Goreneko epaile izan zen (1798-1804), eta jeneral izendatu zuten 1814an, britainiarren aurkako bigarren independentzia gerraren garaian. New Orleansetik egotzi zituen britainiarrak 1815ean eta Floridatik espainiarrak 1818an, seminola herria menderatu ondoren. Estatu Batuetako lehendakari hautatu zuten 1828an, alderdi demokrataren aldetik. Karguak irabazleen artean banatzea eragiten zuen sistema berri bati esker (Spoil system, “gerra harrapakinen sistema”), haren jarraitzaileek eskuratu zituzten estatu federaleko funtzionario postu gehienak eta era horretan Estatu Batuetako politika jauntxoen eskutan jarri zuen. Jacksonen autoritarismoa eta pragmatismoa berehala urrundu ziren Estatu Batuetako hasierako demokraten idealismotik. Hala ere, esku handia erakutsi zuen Sortaldeko estatuetako industrialari handien eta Hego Carolinako agintarien artean aduana libreak zirela kausa piztu zen krisi larriaren aurrean. 1832ean bigarren aldiz aukeratu zuten lehendakari, eta 1833an Banketxe Federaletik ondasun publikoak atera zituen, estatuen artean banatzeko. Jacksonen garaian, Estatu Batuen kanpo zorra ordaindu, eta oso egoera onean geratu zen estatuko diruzaintza.