Jackson, Gabriel
Estatubatuar historialaria (Mount Vernon, New York, 1921). Judu jatorriko familia batean jaio zen. Historia eta literatura ikasketak egin zituen Harvardeko Unibertsitatean, eta 1942an lizentziatu zen. Joaquín Costari buruzko lan bat izan zen bere doktorego tesia. MacArthur senatariak ustezko komunisten kontra bultzatutako “sorginen-ehiza”ren garaian zailtasunak izan zituen bere karrera profesionalean. Komunista zelako salaketa egia izan ez arren, MacArthurren politikaren aurka agertu zen eta horrek lanpostu finko bat lortzea eragotzi zion: unibertsitate batetik bestera ibili behar izan zuen 1950eko hamarkadan. 1965ean Espainiar errepublika eta Gerra Zibila liburua argitaratu zuen, Espainiako historiaren garai hura ulertzeko oinarrizko lana. Urte horretan bertan Kalifornia-La Jollako Unibertsitateko irakasle egin zen. 1960ko hamarkadan bere gizartearekiko konpromisoa zela-eta eskubide zibilen alde lan egiten zuten zenbait erakunderen kide izan zen, besteak beste, American Civil Liberties Union eta Amnesty International erakundeena. Asko idatzi du Espainiako Gerra Zibilari buruz, eta hispanista garrantzitsuenetakotzat jotzen da. 1969an bere autobiografia argitaratu zuen, Historialari baten historia. 1983an erretiroa hartu zenean Bartzelonara joan zen. Bere azken lanean, Zibilizazioa eta basakeria XX. mendeko Europan (1997) gaur egungo hondamendiak aztertu ditu.