Jack Tripa-urratzailea
(Ing. Jack the Ripper). 1888ko abuztutik azarora bitarte, Londresko Whitechapel barrutian emakume batzuk (zazpi gutxienez) hil zituen gaizkilearen ezizena. Ez da hiltzailea nor izan zen jakin ahal izan, eta Ingalaterrako misterio kasu ezagunenetakoa da oraindik ere. Jack Tripa-urratzaileak hil zituen emekume gehienak prostitutak ziren eta kalean bezero bila zebiltzala hil zituen. Eztarria moztu eta ondoren gorputz atalak mozten zizkien. Bere biktimak hiltzen zituen moduaren arabera, bazituen hiltzaileak anatomia ezagupenak. Zenbait liburu eta film egin dira haren inguruan.