Jaca
Aragoiko ipar-mendebaleko hiria, Huesca herrialdean. 373’7 km2 eta 13.335 biztanle (1991). Pirinio mendien ondoan dago eta bertara biltzen dira Nafarroaren eta Ipar Aragoiren arteko bide nagusia (Berdungo bidea) eta Biarnoren eta Aragoiren arteko bidea (Somporteko mendatea). Garia eta bazka landareak. Zur eta janari industria. Turismo garrantzitsua, negukoa batez ere. v Historia. Erromatarren garaiko Iacca hiri baskoia zen, iaccetanni herriaren hiri nagusia, eta K.a. II. mendearen hasieran egon ziren erromatarrak bertan (Marko Publio Katon, K.a. 192). Erromako inperioa deuseztatu ondoren, frankoen manupean egon zen Jaca aldea; IX. mendean, mairuak ohildu eta Aragoiko lehen dukerria osatu zuen Aznar Galindez bertako buruzagiak (809-811). 1035. urtean Aragoiko lehen hiriburua bihurtu zen eta 1063. urtean jaso zuen hiri gutuna Antso Ramirez erregearen eskutik. Jacako Foruak garrantzi handia izan zuen Nafarroako eta, era apalago batean, Gipuzkoako hiri-berritze prozesuan. XIII. mendean hasi zen Jacako hiriaren gainbehera, Aragoiko erreinuaren gune nagusia Ebro aldera igaro zenean. XVII. mendean militarrak finkatu ziren bertan eta XX. mendearen hasieran eraitsi ziren harresiak. 1930. urteko abenduan, Jacako kuarteletan zegoen militar talde batek errepublika onartu eta kalera jo zuen agintea eskuratzeko asmotan, baina huts egin zuten beren egitekoan, eta errenditu egin ziren hurrengo egunean.