Ives, Charles
Estatu Batuetako musikagilea (Danbury, Connecticut, 1874 - New York, 1954). 14 urteetarako Danburyko Eliza Baptistako organo-jotzailea zen, eta 17 urte zituela aintzat hartzeko moduko lan bat idatzia zuen jadanik: Variations on America. 1894an Yaleko Unibertsitatean sartu eta konposizioa ikasi zuen, Horatio Parker-ekin, eta organoa, Dudley Buck-ekin. Musikagile berezia, independentea eta berritzailea izan zen. Bi orkestratarako «duoak» idazteraino ausartu zen; bakoitzak klabe eta erritmo desberdinez jotzen zuen. Aurrea hartu zien Stravinskiri polirritmoak erabiltzen, Milhaud-i politonalitatean eta Bartók-i disonantzian. Landugabetzat jo izan bada ere, guztiz sofistikatua da. Lekuz kanpo dauden edo disonanteak diren elementuak ezartzen ditu bigarren planoan, bere jaioterriko musika banden oroigarri. Azken urteetan ondu zuen musika Mahler-en gustukoa zen; Mahler-ek ez zuen, hala ere, Ives-en obrarik zuzendu, laster hil baitzen. Bere lanen artean aipagarrienak: orkestrarako musika: New England Holidays, Three Places in New England, lau sinfonia; korurako musika: Lincoln the Great Commoner, The New River salmoak; ganberako musika: The Indians, Largo; pianorako musika: 20 estudio, 2 sonata (bigarrena, Sonata Concord izenekoa, haren maisu lantzat jotzen da); organorako musika, abestiak.