Ivory, James
Estatubatuar zinema zuzendaria (Berkeley, Kalifornia, 1928). 1960an Indiara egin zuen bidaia batean Ismael Merchant, Bombayn jaioa baina ikasketak New Yorken egindakoa ezagutu zuen. Biek, Ruth Prawer idazlearekin batera, urte askoan lan egin zuten elkarrekin: 1963ko The Housholder izan zuten lehen filma. Hortik aurrera Shakespeare Wallah (1965) Indian bizi zen antzezle talde baten azterketa, eta Ekialdea eta Mendebaldea (1983) izan ziren haien pelikula arrakastatsuenak. Indian, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan ekoitzitako film asko egin zituzten, oso egoera ekonomiko larrian eta emaitza ez oso onekin. Hala ere James Ivory Estatu Batuetako zinema zuzendari onenen artean dago gaur egun. Pertsonaien psikologiaren trataera zaindua eta giroak deskribatzeko duen trebetasuna ditu ezaugarri nabarmenenak. Hauek dira bere azken filmen artean ezagunenak: A Room with a View (1986), E.M. Forsterren nobelan oinarritua eta hiru Oscar sari irabazi zituena; Maurice (1987), amodio homosexualari buruzko lana, Forster hil eta gero argitaratu zen nobela erdi autografikoan oinarritua, Howard’s End-era itzultzea (1992), azken hori ere Forsterren nobelan oinarritua, Egunaren azken hondarrak (1993) eta Picassoren aldamenetik bizirik ateratzea (1995).