Ibn Khurradadhbeh
Arabiar poligrafoa (IX. mendea). Arabieraz idatzitako geografiaren sortzailea izan zen. Kalifa abbasiarren garaian, Bagdaden bizi izan zen. Geografiaz gainera beste gai batzuk ere landu zituen: kantua, musika, gastronomia. Haren lan nagusia Kitab al-masalik wa l-mamalik da (Bideen eta erreinuen liburua), 846an idatzia eta 885ean osatua. Hiru alderdi ditu lan honek: Ptolomeoren geografiaren inguruko gaiak, kultura orokorreko gaiak, eta, interes handiena duena, bide, distantzia eta abarrei buruzko informazioa.