Ibn Hawqual
Arabiar geografialaria (Mesopotamian jaioa, X. mendea). Lurraren antolamenduaren liburua (Kitab surat al-ard) idatzi zuen Muqaddasirekin batera, arabiar geografialari bikainena izan zen hejirako urrezko mendean (musulmanen IV. mendea, kristauen X. mendea). Ibn Hawqual-en lana ez da grekoen kartografia tradizioan kokatzen, aitzitik, mundu musulmanaren atlasa egitea zuen helburu. Nolanahi ere oso lan aberatsa da, turkiarrez, kazakhstandarrez, Afrika Mendebalaz, Nubia eta Italiaren hegoaldeaz ematen baitu informazioa; atal oparoenak islamaren mendebalari, Siziliari batez ere, eta Transoxianari eskainiak dira. Horrez gainera, Hawqual izan zen ekonomiaz arduratu zen lehen geografialaria.