Ibn Fadl
Allah al-Umari. Arabiar idazlea eta entziklopedista (Damasko, 1301 - 1349). Funtzionarien burgesiakoa zen, eta Bagdadeko eskribauen tradizioaren jarraitzaile. Historiaren eta administrazioaren inguruko obrak idatzi zituen; garrantzitsuena hogei ale baino gehiago zituen entziklopedia bat izan zen (Masalik al-absar fi mamalik al-amsar; Hiri handietako erreinuen gaineko ikusmoldeak). Bi parte nagusitan banatzen da obra hori, geografiari eta historiari dagozkienak gutxi gorabehera. Aurreneko partean geografia orokorra lantzen du eta inperio handien deskribapena egiten; bigarrenean islamaren aurreko eta ondorengo historiaren berri ematen du. Mugak ordea ez dira erabatekoak, eta literaturak eta poesiak, toponimiak, erlijioak, tradizioak eta zuzenbideak ere badute beren lekua obra honetan. Orijinala ez bada ere, sintesi guztiz egokia da.