Ibn Bajja
edo Badjdja. (Eskolastikoek Avenpace deitua) Arabiar filosofoa (Zaragoza, 1095 inguruan - Fez, Maroko, 1138 edo 39). Haren obra oinarrizkoa da Espainiako arabiar filosofiaren historian, eta Erdi Aroko teologiarentzat garrantzi handiko iturria da. Ibn Bajja-k jakintza entziklopedikoa zuen, eta medikuntza, astronomia, matematika, botanika, musika eta poesia landu zituen. Haren zentzu kritikoa alor askotan nabarmendu zen. Hala, astronomian Ptolomeoren sistema baztertu eta beste bat eratu zuen, galdu egin dena. Gramatikan eskola berri baten buru izan zen, arabieraren gramatika logika grekoaren arabera aztertzen saiatu zena. Baina ekarri nagusiak psikologian eta noetikan egin zituen; helburu nagusia ezagutza hutsaren oinarriak jartzea izan zuen. Hari horretatik, oso kritika gogorra egin zion sufiten dotrina mistikoari, Ibn Bajja-ren ustez sufitek ezagutza hutsa eta egiaren itxurak nahasten baitzituzten. v Ibn Bajja, alde batetik bere kultura musulmana oinarritzat hartuz, eta bestetik aristotelismoa eta dotrina neo-platonikoak beretuz, ezagutzaren teoria bateratua saiatu zen eraikitzen.