Ibiza
(Katalanez, Eivissa). Espainiako estatuko uhartea, Mediterraneo itsasoan (Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa). 541 km2 eta 60.937 biztanle. Hiriburua: Ibiza (Eivissa). Hizkuntza: katalana eta espainiera. Bi alderdi bereiz daitezke han: mendialdea (Sa Talaiassa, 475 m, gailurrik gorena) eta lurralde behereak; azken hori da uharteko biztanle gehienak bizi diren aldea, nekazaritzari eta, batez ere, turismoari emana. Laboreak, fruitu lehorrak, mahatsa eta oliba lantzen dira nagusiki; barazkiak, erremolatxa eta patata, berriz, ureztaturiko eremuetan. Turismoa da, nolanahi ere, hango ekonomia jarduera nagusia. v Historia. Iberiar kulturako herriak etorri ziren Ibizara K.a. I. milaurtekoan, eta merkatari feniziar eta greziarrak ere ibili ziren kostalde haietan, baina ez ziren han luzaz egon. K.a. VII. mendean, kartagotarrak bertaratu zirelarik, Ibosim izeneko hiria sortu (K.a. 654. Kartagotar hilerriaren aztarnak aurkitu dira Puig des Molinseko nekropolian). Erromatar hiria izan zen gero, Ebusus izenez, K.a. I. mendean. Bandaloak, bizantziarrak eta arabiarrak egon ziren uhartean K.o. lehen milaurtekoan. Arabiarrek eraman zuten bere gorenera hiria, XI-XII. mendeetan. Guillem de Montgri Jakue I.aren zaldun kataluniarrak hartu zuen 1235. urtean eta Emporda, Bartzelona eta Tarragonako jendea bizi izan zen Ibizan hurrengo urteetan. XVIII. mendean turkiarren erasoak jasan zituen hiriak. Hiritarren eta nekazarien artean ere gatazka asko izan dira mendeetan zehar, XIX. mendean bereziki. Ibiza nekazari lur pobrea izan da mendeetan zehar eta erabat aldatu da azken urteetan, turismoari esker.