Iberia, Líneas Aéreas de España, SA
Espainiako aire garraioko konpainiarik garrantzitsuena, 1940ko hamarkadaz geroztik. Iberia izeneko Espainiako lehen hegazkin konpainia, Iberia Aérea delakoa, 1927an sortu zen Alemaniako Luft Hansa konpainiaren eskumenean, eta Madril-Bartzelona ibilbidea eginez hasi zen lanean. 1929an gobernuak hegazkin konpainia guztiak konpainia bakar batean elkartzea erabaki zuen, eta aire garraioaren monopolioa eman zitzaion. Era honetan sortu zen hiru motorreko Fokker F VII hegazkinen bidez Madril-Miarritze moduko nazioarteko zerbitzuak eskaintzen zituen CLASSA (Compañía de Líneas Aéreas Subvencionadas, S.A.) konpainia. 1932an, berriz, aire konpainiak izen berria hartu zuen: LAPE (Líneas Aéreas Postales Españolas). Urte horietan hegazkin ospetsuak erabili zituen konpainiak, CASA-Dornier Wal izenekoa esaterako. Hegazkin amerikar baten bidez sartu zen konpainia garraio modernoan: 1935ean lanean hasitako Douglas DC-2 motako hegazkinak hain zuzen. 1937an, eremu nazionalean berragertu zen Iberia izena, Junkers Ju-82/3m hegazkina aireratu zenean. ■ 1943an, Iberiak eta beste konpainia batzuek bat egitean, behin betiko sortu zen Iberia, Líneas Aéreas de España konpainia, eta garai bateko LAPE konpainiaren ondarea bereganatu zuen, horien artean Douglas DC-1 motako hegazkin bakarra. Urtebete geroago hasi zen lanean Douglas DC-3 motako hegazkina eta 1965 arte lanean aritu zen. 1946an, berriz, lehen DC-4ak erabiltzen hasi ziren eta haiekin inauguratu zen Madril-Buenos Aires ibilbidea. Garai hartako hegazkin modernoenak erosiz, Lockheed 1.049 Super Constellation hegazkina esate baterako, konpainiak bere lehiakortasunari eutsi eta Madril-New York ibilbidea egiten hasi zen 1954an. 1961ean, bestalde, erreaktorearen aroan murgildu zen Iberia Douglas DC-8arekin. Ordutik aurrera, gero eta hegazkin modernoagoak erosi zituen, eta aldi berean konpainiaren lanak ere zabaldu ziren, eta urteak joan ahala Iberia Europako hegazkin konpainia garrantzitsuenetako bat bilakatu zen. Konpainiak izandako hegazkinen artean daude, besteak beste, Sud-Aviation SE-210 Caravelle motakoak, Douglas DC-9, Boeing B-747 eta B-727, Mc Donnell Douglas DC-10, Airbus A300 eta A340 motatakoak, etab. 1980ko hamarkadan Hego Ameriketan ere hedatu zen hango hegazkin konpainia batzuk erosiz (garrantzitsuena Aerolíneas Argentinas), baina mundu mailako merkatuan tartea egiteko dituen zailtasunak ere bistakoak dira. Horrek eta hegazkintza komertzialak 1990eko hamarkadaren hasieran jasandako krisialdi latzak korapilatu egin zioten egoera konpainiari, eta hamakarkadaren amaieran konpainiak pribatizazioari ekin zion.
- Ibarruri
- Ibarsusi
- Ibarzabal, Eugenio
- ibaso
- Ibb
- Iberia, Líneas Aéreas de España, SA
- Iberia
- Iberia
- Iberiako mendiak
- Iberiar Penintsula
- iberiar