iberiar
izlag. eta iz. Erromatarren aurretik Espainiako sortaldean eta Galiako hegoaldean bizi izan zen herrikoa; herri horri dagokiona. v Hist. Historiaurrean Iberiar Penintsulako hegoaldean eta ekialdean bizi ziren herri bateko kideak ziren iberiarrak. K. a. VIII. eta VI. mendean zelten migrazio oldeak izan ziren penintsularen iparraldean eta erdialdean, Portugalen eta Galizian batez ere, baina Brontze Aroan penintsularen hegoaldean eta ekialdean bizi ziren iberiarren lurraldeetaraino ez ziren iritsi. Geografo greziarrek iberiar izena eman zieten Ebro (Iberus) ibaiaren hego-ekialdeko bazterrean bizi ziren leinuei, baina K.a. V. menderako Ebro eta Guadalquivir ibaien artean bizi ziren guztiak izendatzeko erabiltzen zuten iberiar izena. Hala ere, lurralde batzuetan izan ziren iberiarren eta zelten artean harremanak, hala nola Iberiar Penintsularen erdialdeko ordokiaren iparraldean eta ekialdean eta baita ere gaurko Kataluniako eta Aragoiko lurraldeetan. Almerian eta Granadako mendietan bastetani-ak bizi ziren; bastetani-en mendebalean tartesiarrak bizi ziren; eta turdetani-ak Guadalquivir ibarreko herri indartsuena zen. Gaurko Kataluniako eta Valentziako kostaldeko leinuengan greziarren eragina handia izan zen, eta Alacantekoengan feniziarrena. Iberiar Penintsulako ekialdeko kostaldean hiri estatuetan biltzen ziren iberiar leinuak, eta hegoaldean, berriz, erregeak zituzten. Ibero estiloko brontzezko eta buztinezko ontziak aurkitu dira hilobietan; “Elche-ko Dama” eskultura iberoak greziarren eragina erakusten du. v Iberiar hizkuntza. Hizkl. Iberiar hizkuntza ez da indoeuroparra, eta erromatarren garaira arte hitz egin zen. Ekialdeko kostaldean iberiar idatziak aurkitu dira (28 silaba eta letra ditu, batzuk greziarren sistemakoak eta besteak feniziarrenekoak, baina gehienak ezezagunak). Leku izenak eta izen propioak alde batera utzita, idatzi horietako oso hitz gutxi ulertzen da. XVIII. eta XIX. mendeetan bereziki euskara iberiar hizkuntza zela pentsatu izan zen arren, gaurko hizkuntzalariek bi hizkuntza bereiz daitezkeela onartzen dute. v Artea. Eskulturan hiru aldi nagusi bereizten dira: lehen aldian (k.a 550-450) sortaldeko herrien eragina nagusi da; bigarren aldia (k.a 450-erromanizazioaren garaia arte) animalien irudiek markatzen dute; hirugarren aldia, berriz, erromanizazioarena da. Zeramikan mota askotako apaindurak erabiltzen zituzten (“damak”, animaliak, gizonak), eta gerra eta ehizako irudirik ere tankeratzen zuten. Garai hartako txanponak ere aurkitu dira: alde batean izurdeak zituzten, eta bestean zaldun lantzadun bat.