Ibarzabal, Eugenio
Euskal ekonomista eta kazetaria (Donostia, 1951). Ekonomia ikasketak egin zituen Bilbon, eta handik gutxira irratian eta prentsan lan egiten hasi zen, DEIA egunkariari eta Muga aldizkariari lotuta, gehienbat. Geroago politikan murgildu zen, lehenik Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren aholkulari tekniko bezala (1983) eta ondoren Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako idazkari nagusi bezala (1985). 1987an politika utzi eta telebistan hasi zen. El otro punto de Vista zuzendu zuen ETB-2n eta Punto y Aparte saioko editore izan zen TVE-1en. Saio horrek Ondas saria jaso zuen 1989an. Urte berean Iceberg Prospectiva elkartea sortu zuen, iritzi publikoaren eta merkatuaren azterketara zuzendutako kabinetea. Kalitatearen Amerikar Elkarteko kide da. ISO kalitate kontrolaren ziurtagiria jaso du, lehen aldiz pertsona bati eman zaiona. Bi liburu idatzi ditu: La pasión de mejorar eta Piensa bien y acertarás. 1994tik Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen Udako Ikastaroetan kalitateari buruzko mintegia zuzentzen du. Gipuzkoa XXI foroaren koordinatzaile ere izan da.