Iberiako mendiak
Espainiako ekialdeko mendi multzoa. Ebro ibaiaren ondoko eremu sakonak eta Mediterraneo aldeko lurrak bereizten ditu Espainiako erdialdeko goi-ordoki nagusitik. 500 km-ko luzera du, Espainiako ipar-mendebaletik hego-ekialdera, Burgosko Burebatik Alacanteko hegoaldeko eremuetara. Atlantikoko eta Mediterraneoko ur isurien muga da eta hainbat ibai sortzen da han (Duero, Tajo, Guadiana, Jalon, Turia). Hiru alde nagusi bereiz daitezke Iberiako mendietan: ipar-mendebaleko mendiak, Errioxako hegoaldean eta Sorian (Demandako mendiak, 2.262 m; Cebollera, 2.147 m; Moncayo, 2.313 m, eta Urbiongo mendiak); erdialdeko lurralde apalagoak, Jalon, Jiloca eta Turia ibaiek ureztatuko eremuak, Calatayud-Teruel aldean (Iberiako sakongunea), eta hego-ekialdeko mendiak (Albarracingo mendiak, 1855 m; Palomera 2019m; Javalambre, 2020 m, eta Cuencako mendiak, 1.400 m-tik beherakoak). Calatayud (antzinako Bilbilis) aldeko lurretan, Madril-Zaragoza burdinbide eta errepideak bat doazen lurraldean, daude Iberiako mendietako hirigune nagusiak (Calatayud, Medinaceli, Molina). Soriako eta Cuencako pinudien ustiapena da hango ekonomia jarduera nagusia. Nekazaritzak eta abere hazkuntzak ere badute nolabaiteko pisurik. Industria gutxi garatua dago (zerrategiak eta produkzio hidroelektrikorako lantegiak).
- ibaso
- Ibb
- Iberia, Líneas Aéreas de España, SA
- Iberia
- Iberia
- Iberiako mendiak
- Iberiar Penintsula
- iberiar
- iberiera
- iberiko
- iberismo