Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hebron

Palestinako hiria (Arab., Al-khalîl; Hebr., Hevron). 100.000 biztanle inguru, arabiar palestinarrak gehienak. Hirigunean 600 bat kolono judu bizi dira, eta beste 7.000 inguru ondoan, Qiryat Arba-n. Hebron hiri santua da musulman eta juduentzat. Haien arabera, hirian, Machpelahko haitzuloan daude lurperatuta Abraham, haren emazte Sara, Isaak eta Jakob semeak, Isaaken emazte Rebeka, eta Jakoben emazte Leah. Haitzuloaren gainean Ibrahimi meskita dago egun. Hebrongo hiria ezaguna da bere kale mehar bihurgunetsuengatik, bere harrizko etxeengatik, eta bere merkatuengatik. Egun Israelgo eta Palestinako gudarosteen, bien kontrolpean dago. Juduak bizi diren alderdia Isralego gudarosteak zainduta dago. ■ 1967. urtean, Sei eguneko gerraren ondoren, Hebron Israelen mendean geratu zen, eta 1971n judu herri bat, Qiryat Arba, sortu zuten Hebronen ekialdean. 1994ko otsailaren 25ean Baruch Goldstein kolono juduak 29 palestinar tirokatu zituen Ibrahimi meskitan otoitzean ari ziren bitartean. 1997. urtean oso istilu larriak izan ziren, harik eta Israelgo gudarosteak Hebron hartu zuen arte, iskanbilak kontrolatzeko asmoz.