hebreera
iz. Israelgo hizkuntzetako bat, antzinako hebrearren hizkuntza. 1947. urteaz gero Israel estatuak duen hizkuntza ofiziala. Hebreera K.a. IX. eta X. mendeetan sortu zen hizkuntza semitarra da. Besteak beste aramear, asiriobabiloniar eta kanaandar hizkuntzen antzeko zenbait elementu dituen hizkuntza da. Hasieran moabiten, hebrearren, feniziarren eta aramearren alfabeto semitikoa erabiltzen zen. Geroago Bibliako eskuizkribuetako idazkera karratu-a hasi zen erabiltzen; eskuinetik ezkerrera idazten zen, 22 letraz osaturiko alfabetoaz, eta denak kontsonanteak ziren. K.a. 100. urte aldera, hebreerak garrantzia galdu zuen arameeraren alde, nahiz eta aldaketa batzuekin juduen liturgiaren eta jakintsuen hizkuntza izaten jarraitu zuen. Gaur egungo hebreerak egitura klasikoa mantentzen du, gaur egungo behar zientifiko, sozial eta politikoetara moldatua.