Guyana
(Izen ofiziala, Guyanako Errepublika Kooperatiboa; Ing., Guyana). Hego Ameriketako errepublika (1970az geroztik), Commonwealth-eko kidea, Ozeano Atlantikoaren itsasertzean. Mugak: Surinam ekialdean, Venezuela mendebaldean eta Brasil hegoaldean. 214.970 km2 eta 765.283 biztanle (2005eko estimazioa, guyanarrak). Hiriburua: Georgetown. Hizkuntzak: ingelesa (ofiziala), eta hizkuntza amerindiarrak. Dirua: Guyanako dolarra. ■ Arawak indiarrak ziren gaur egungo Guyanako lehen biztanleak; “lur askoko ura” deitu zuten haiek. Hain zuzen ere, oso lurralde hezea da, eta kostaldeak mangladiez eta zingirez estaliak baitaude, biztanleria oso urria izan da beti. ■ Biztanleak. Lurraldea bera osasungaitza izanik, II. Mundu gerratik aurrera tropikoko eritasunak menderatu ziren arte, ez zuen behera egin hilkortasunak; orduz geroztik oso handia izan da hazkundea (urteko %3,5, 1950 eta 1965 artean); horrez gainera, Guyanara erbesteratu asko iristen da Antilletatik. Hala ere, oso biztanle gutxi dira: 558.000 biztanle ziren 1960an, eta 700.000 1998an; dentsitatea ere, batez beste, oso apala da, 4 bizt./km2. Biztanleriaren egitura etnikoa oso nahasia da, eta erabakigarria izan da Guyanaren historia politikoan. Europar kolonizazioaren lehen garaietan, jatorrizko amerindiar asko deportatu zuten Antilletara; gaur egun, biztanle guztien %7 baino ez dute hartzen. Biztanleen %36 beltzak dira, afrikar esklaboen ondorengoak, eta %50 berriz indiarrak, 1864-1917 urteetan britainiar inperioak Indiatik eraman zituen langileen ondorengoak. Indiarrak eramatearen helburua, hain zuzen ere, beltzei lan merkatuan konkurrentzia egitea zen, izan zitezkeen gizarte erreibindikazioak saihesteko. Gainerakoak europarraren ondorengoak dira (britainiar eta portugesenak), eta badira antillatarrak, txinatarrak eta indonesiarrak ere. Arazo etnikoak larriak izan dira beti Guyanaren historian, eta ez dira desagertu, beltzen eta indiarren artekoak bereziki. ■ Biztanleriaren banaketak gorabehera handiak ditu. Kostaldeko zerrenda estua oso jendeztatua dago (bertan dago biztanleen %75). Landaldean indiarrak bizi dira, eta beltz gehienak, berriz, hirietan. Gazteak asko dira (%32 dira hamabost urtetik beherakoak), baina hazkundea moteldu egin da, emankortasun tasak behera egin baitu (18,23 jaiotza/1.000 laguneko, 1999ko estimazioetan; 2,4 haur jaio ziren emakumeko 1996an); haurren hilkortasun tasa handia da (45 heriotza mila jaioberriko), eta orobat da handia emigrazio tasa. ■ Ekonomia. 1995ean 2.420 dolarrekoa zelarik biztanleko nazio produktu gordina, Guyana herrialde ahula da ekonomiari dagokionez. Garapena nekazaritzaren eta meatzaritzaren mende dago. 1970 eta 1980 hamarraldietan, sozialismoaren araberako politika ekonomikoa bideratu zuen gobernuak, baina krisi larri batean amaitu zen. 1990eko hamarraldian ekonomiaren bideak errotik aldatu ziren, plangintza berri bat aplikatu baitzen (Economic Recovery Programme). Plangintza horren baitan, Nazioarteko Diru Funtsaren egiturazko egokitze programak aplikatu zituen Guyanak. Gobernuaren politika berriaren ondorioz, pribatizazio kanpaina handi bat jarri zen abian, baina estatuaren pisuak, hala ere, handia izaten jarraitu zuen. Emaitzek –gizarteari dagokionez, ikaragarri kaltegarriak izan ziren–, ekonomiaren hazkunde handia ekarri zuten (%+7,9 1996an), eta atzerritar inbertsioak ere erakarri zituzten. Hala ere, zorra oso handia du (1.500 milioi dolar 1997an), eta baita handia langabezia tasa ere (1996an, biztanle aktiboen %13). Merkataritza balantzaren desoreka inguruko herrialdeena baino txikiagoa da (-41 milioi dolar 1995ean). Esportazio gai nagusiak azukrea, arroza, bauxita, aluminioa eta urrea dira. Kontsumo gai arruntak, makinak eta erregaiak inportatzen dira batez ere. ■ Laborantza eta arrantza dira Guyanako ekonomiaren alor nagusiak; basogintzarekin batera, 1992an, NPGren %41 osatzen zuten. Polderrak eraiki dira laborantzako eremua zabaltzeko, baina hala ere ustiatu gabe daude oraindik egokiak izan daitezkeen alorrak. Azukre ekoizpenaren parterik handiena esportatu egiten da. Ekoizten dira, halaber, arroza, kotoia, kafea, kakaoa, koko eta kopra intxaurrak, eta herrialdea beregaina da ia eligaietan. Basogintza ez dago oraindik oso garatua, baina atzerritar inbertsioak ari dira alor horretan sartzen. Arrantza ere gorantz doa. Meatzaritza barrualdean egiten da: bauxita eta aluminioa dira erauzten diren gai nagusiak, eta, gutxiago, urrea, diamanteak eta manganesoa. Sektore hau aski zaharkitua dago gaur, eta munduko merkatuaren gorabeheren mende dago. Nolanahi ere, lehorte gogor batek eta 1997ko hauteskundeen ondoren izan zen nahasmendu politikoak hazkunde tasa negatiboa eragin zuten 1998an. Azpiegitura arazoak oztopo larria dira gaur garapen ekonomikoan, elektrizitate horniduraren eskasia bereziki. Gobernuaren erronka nagusiak kanpo zorra murriztea eta pribatizazio plangintza zabaltzea dira gaur. ■ Historia. Guyanako independentziaren bidea gatazka etnikoen mende egon da. Izan ere, sufragio unibertsala ezarri zuen konstituzioa onartu zenean jada (1953), hiru talde sozial eta etniko agertu ziren, elkarren kontrakoak, bakoitza bere adierazmolde politikoarekin: indiar jatorriko biztanleak, eta Cheddi Jaganen Herri Alderdi Aurrerakoia (PPP), komunista; beltzak, eta Herri Kongresu Nazionala (PNC), Forbes Burnhamena; zuriak, eta Peter d'Agniarren Indar Batua. 1970. urtean bihurtu zen Guyana errepublika independente, eta Commonwealthen baitan geratu zen. 1992. urtea arte PNC alderdia egon zen agintean, beti ere hauteskundeetan iruzur eginez sistematikoki. PNCko F. Burnham presidentearen administraziopean, Guyana, diktadura izatez, Kubari eta herrialde sozialistei hurbildu zitzaien. Indiar eta beltzen komunitateen arteko tirabirak areagotu egin ziren urte haietan. 1980. urtean Walter Rodney erail zuten, Langileen Aliantza alderdiko (WPA) buruzagia; higikunde marxista zen aliantza hura, 1977. urtean sortua, eta beltzen eta indiarren arteko hesia gainditzea zuen helburua; Guyanako egoera politikoaren hondamenaren erakusgarria izan zen hilketa hura. F. Burnham hil zenean, 1985ean, Hugh Desmond Hoyte Lehen ministroa izendatu zuten presidente; herrialdearen orientabide ekonomikoa aldatu zuen hark, bere aurrekoaren hauteskunde ohitura ustelak baztertu gabe ordea. 1990. urtean egin behar ziren hauteskundeak bi alditan egin ziren, hauteskunde prozesuan azaleratu ziren gorabehera larriak zirela-eta. 1992an, Commonwealtheko begiraleen zainpean egin ziren hauteskundeak, eta Cheddi Jaganen Herri Alderdi Aurrerakoia (PPP) irten zen garaile. Haren egiteko nagusia lur jota zegoen ekonomia suspertzea zen. Jagan 1997an hil zelarik, Samuel Hinds haren Lehen ministroak hartu zuen estatu buruzagitza, urte bereko abenduan hauteskundeak egin ziren arte. C. Jaganen emaztea, Janet Jagan, PPPko hautagaia, irten zen garaile, berriz ere susmo txarrez eta bortizkeriaz betetako hauteskunde batzuen ondoren. 1999an dimisioa eman zuen J. Jaganek osasun arrazoiak zirela-eta, eta bere Finantza ministroa, Bharat Jagdeo, hautatu zuen bere agintaldiaren bukaera arte ordezka zezan (2001eko urtarrila arte). 2001ean egin ziren 1997rako aurreikusitako hauteskundeak, eta Jagdeok irabazi zituen. 2004an Barne Ministro Ronald Gajrajek dimititu egin behar izan zuen, heriotza eskuadroiekin loturarik zuen ikertzeko prozesua zela-eta. 2006an hilketa bolada bat izan zen, eta, besteak beste, nekazaritzako ministroa hil zuten. Poliziak droga eta arma trafikoari lotutako taldeei egotzi zizkien hilketa horiek. Guyanak arazo larriak ditu inguruko herrialdeekin. Venezuelak Essequiboko lurraldea erreibindikatzen du (155.000 km2), mea baliabideetan aberatsa. Gauzak zerbait baretu dira azkenaldi honetan, NBEk auzi honetan esku-hartzearekin.
http://www.guyana.org/