Guggenheim Bilbao Museoa
1997. urteko urrian Bilbon inauguratu zen arte moderno eta gaurkoari eskainitako museoa, munduan zehar hainbat museo dituen Solomon R. Guggenheim Foundation delako fundazio estatubatuarraren eraginez sortua. Guggenheim Bilbao Museoa garrantzitsuena izan da Bilboko metropolia berpizteko ekimenen artean, nahiz eta hasieran eztabaida eta liskar ugari eragin proiektuak eskatzen zuen diru publikoaren kopuru handia zela eta, besteak beste. Bilboko Abandoibarra gunearen birgaitze orokorrean txertatu zen egitasmoa. Guggenheim Bilbao Museoa eraikitzeko aurreneko harremanak 1991n izan zituzten Euskal Herriko administrazioek eta Solomon R. Guggenheim fundazioak. Oro har, Guggenheim fundazioak bere funtsak, bere marka eta kudeaketa esperientzia jartzen zituen, eta EAEko administrazioek bere gain hartzen zuten museoa eraikitzeko eta horren jardunbideari eusteko beharrezkoa zen finantzaketa. Urte bereko abenduan sinatu zuten Bilbon Guggenheim Bilbao Museoarentzako Garapen eta Programaziorako Zerbitzuen akordioa Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Jose Alberto Pradera Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Gianni de Michelis Solomon R. Guggenheim Foundation-eko kideak. Museoaren proiektua egiteko Frank O. Gehry arkitekto estatubatuarra aukeratu ondoren, 1992ko uztailean Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim Bilbao Proiektuaren Partzuergoa eratu zuten, museoaren plangintza eta eraikuntza gainbegiratzeko, eta Juan Ignacio Vidarte izendatu zuten erakundeko zuzendari kudeatzailea. 1993ko otsailean, aurkeztu zen lehenengoz Frank O. Gehryk egindako museoaren diseinua eta 1993ko urriaren 23an jarri zen lehenengo harria. Lanek aurrera egin ahala, jarduera eta kudeaketa planak ere onartu ziren, nahiz eta haien atzetik ibili programazio artistikoari buruzkoak, eta horrek euskal artista eta intelektual askoren kritikak jaso zituen. 1996. urteko azaroan, esaterako, lau urteko plangintza eragilea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Hasierako inbertsio handiaz gainera, urtero 2.000 milioi pezetako galerak aurreikusten zituen plan hark, eta galera horiek Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beren gain hartuko zituztela erabaki zen. Aurreikuspen horien ondorioz, kudeaketa defizita lehenbailehen arintzea finkatu zuten helburu nagusi bezala museoaren sorreran parte hartu zuten guztiek. Kontratistek 1997ko maiatzean eman zuten amaitutzat museoaren eraikina. Azkenean, 14.000 milioi pezetatan finkatu zen kostu osoa. ■ Lehenengo artelanak abuztuan hasi ziren heltzen Bilbora, eta hilabete hartan bertan kokatu zen museoaren aurreko zabalgunean gerora horren irudi bilakatuko zen Puppy, Jeff Koonsek lorez egindako zakur itxurako eskultura. Museoa 1997ko urriaren 18an inauguratu zen, Espainiako errege-erreginak eta mundu osotik bertaratutako hainbat gonbidatu ospetsu tartean zirela. Guggenheimen aurkakoen manifestazioek eta ertzain baten heriotza eragin zuen errege-erreginen aurkako atentatu saioak ilundu zuten inaugurazioa. Urteek aurrera egin ahala, asko baretu da Guggenheim Bilbaoren aurkako jarrera eta eragileen ustez erabat bete dira hasierako aurreikuspenak, baita gainditu ere. “Guggenheim efektua” esapidea ere zabaldu da Bilboren eta, oro har, Bilbo Handiaren eta EAEren biziberritzean museoak izan duen eragina deskribatzeko. 1997ko urritik 2000ko abenduaren 31 bitartean 3.600.000 bisitari hartu zituen museoak; % 83 Bilbora Guggenheim ikustera bakarrik joan ziren, museoak berak egindako inkesten arabera. Museoaren kudeaketa txostenean adierazten denez, bisitari horiek 100.000 milioi pezeta gastatu dituzte EAEn, jatetxe eta tabernetan, dendetan, hoteletan eta garraioetan gehienbat. Museoaren jarduerari dagokionez, 2000. urtean, esaterako, sei behin-behineko erakusketa hartu zituen, eta horiek zein erakusketa iraunkorrak ikustera 975.000 bisitari hurbildu ziren. Hasierako aurreikuspenak gaindituz, museoaren autofinantzaketa % 75 izan zen 2000. urtean.