Gil de Biedma, Jaime
Kataluniar olerkaria, gaztelaniaz idazten zuena (Bartzelona, 1929 - Bartzelona, 1990). “Berrogeita hamar”-eko belaunaldiko kide zen, Bartzelonako taldean alegia. Iradokizun ugari eskaintzen du Gil de Biedmaren poesiak; ironia zorrotz erabiltzen zuen, egunerokotasun landu batekin batera. Liluratik urruti dagoen mundu ikuspegia agertzen zuen, beti; adiskidetasuna eta iragandako gaztetasuna dira haren gai nagusiak. Bere poema bilduma guztiak Las personas del verbo liburuan bildu zituen 1975ean. Jorge Guillén espainiar poetari buruzko lan jakingarri bat egin zuen; saio lanak 1980an bildu zituen El pie de la letra izeneko liburuan. 1956an Filipinetan harrapatutako tuberkulosi baten ondorioz idatzitako egunerokoa argitaratu zuen 1974an (Diario del artista seriamente enfermo). Garai hartako zentsura zela eta, 1991 arte ez zen agertu osorik, Diario del artista en 1956 izenburuarekin. Hurrengo belaunaldietan eragin handia izan du Gil de Biedmaren lanak.