Gil, Daniel
Espainiar diseinatzailea (Santander, 1930). Kantabrian jaio zen baina Madrilen egin zituen Arte Ederretako ikasketak. 1957an, Ulmera aldatu zen, Alemaniara, Hochschule für Gestaltung eskolan diseinuko ikasketak egitera, Otl Aicher eta Tomás Maldonado maisuekin, besteak beste. Espainiara itzuli zenean zenbait aldizkari eta diskoetxerentzat lanean jardun zuen, harik eta 1966. urtean Alianza Editorial argitaletxeak bere irudi grafikoaren ardura eman zion arte. Gilek enpresa harentzat lan egin zuen buru-belarri 1990. urtea arte, eta 2.000 liburutik gora egin zituen. Azpimarratzekoak dira martelé kartulinaz egindako azalak, argazki edo tipografia konposizio adierazgarriekikoak, liburuen edukia gogora dakartenak. 1990. urtean bere kasa hasi zen lanean, eta harrezkero hainbat enkargu garrantzitsu bete ditu, besteak beste Madrilgo Thyssen-Bornemisza bildumaren irudi korporatiboa eta Mondadori argitaletxearen hainbat libururen azala osatzea. Gil da gaurko grafismoaren maisu handienetakoa bat; lanbidea ongi ezagutzen duela erakutsi du, oso obra pertsonala eta independentea osatu du eta surrealismoaren eta zehaztasun zientifikoaren arteko batasuna lortzen asmatu du.