Gil Bera, Eduardo
Nafar idazlea (Tutera, 1957). Asko eta kalitate handiko lanak idatzi ditu, euskaraz zein gaztelaniaz, eta hori dela eta, euskal idazle sarituenetako bat da: Xalbador saria (1987, 1989), Irun Hiria saria (1988), Axular saria (1988), Azkue saria (1990), Orixe saria (1992), Miguel de Unamuno saria (1994) eta Alfonso X el sabio saria (2002), besteak beste. Lan horietan literaturaren alor gehienak landu ditu: saiakera (Atea bere erroetan bezala (1987), O tempora! O mores! (1988), Fisikaz honatago (1989), A este lado (1993), El carro de heno (1994), Sobre la marcha (1996), Paisaje con fisuras (1999), Los días de enmedio (2002), eleberria (Os quiero a todos, 1997; Todo pasa, 2000), eleberri historikoa (Torralba, 2002), poesia (Hortus Botanicus, 1988; Strasburgoko ordularia, 1990), eta haur eta gazte literatura (Murtxanteko Lapurrak, 1988; Patziku Parranda, 1989), besteak beste. Itzulpengintzan ere lan asko egina da, eta Jon Mirande, Giuseppe Ungaretti, Michel de Montaigne, Peter Sloterdijk, Robert Walser, Rainer Maria Rilke, Soma Morgenstern, Friedrich Hölderlin, Joachim Latacz eta Tom Lampert-en lanak itzuli ditu, euskarara zein gaztelaniara. 2001ean Pio Barojaren biografia bat eman zuen argitara, Baroja o el miedo, eztabaida ugari sortu dituena Barojaren inguruko mitoa gezurrean oinarritu dela eta Barojak berak sortutako mito gezurrezkoa bere familiak —Julio Caro Baroja ilobak, gehienbat— iraunarazi duela esaten baitu lan horretan. 2004an Gaztelaniazko Literaturako Euskadi saria jaso zuen, Historia de las malas ideas (2003) lanarengatik.