Gil Albert, Juan
Espainiar olerkari eta idazlea (Alcoy, Alacant, 1904 - Valentzia, 1994). Zuzenbidea eta Filosofia eta letrak ikasi zituen Valentzian eta Madrilen, baina amaitu gabe utzi zituen bi karrerak. Bere obren artean olerkigintzaren alorrean egindako lana da batez ere nabarmentzekoa. Gil Alberten olerkigintzan modernismoaren kutsua nabarmendu zen lehenengo urteetan, baina hasieratik erakutsi zuen, orobat, abangoardiaren eta, batez ere, surrealismoaren eragina. Joera horiei jarraituz idatzi zituen bere lehen olerki liburuak, Misteriosa presencia (1936), eduki erotikokoa eta 27ko belaunaldiko idazleen klasizismoa ageri duena, Candente horror (1936, Izu bizia) obra surrealista eta Son nombres ignorados (1938, Izen ahaztuak dira) Espainiako Gerra Zibileko esperientzia mingarriei buruzko lana. Hitz lauzko lanei dagokienez, La fascinación de lo irreal (1927, Irrealaren lilura) eta Vibración del estío (1928, Udaren dardara) argitaratu zituen lehenik, eta Bigarren Errepublikaren garaian Crónicas para servir al estudio de nuestro tiempo (1932, Gure garaiaren ikerketaren zerbitzurako kronikak), besteak beste. Espainiako Gerra Zibileko esperientziek eragin handia izan zuten bere literaturan: erbestera ihes egin behar izan zuen gerra ondoren, eta errealitatearekiko konpromisoa eta kutsu intimista erakutsi zuen harrezkeroko bere lanetan, baita 1947an Espainiara itzuli ondoren idatzitakoetan ere. Izan ere, "barne erbeste" moduko bat bizi izan zuen urte haietan, eta egoera horretan idatzi zituen, besteren artean, El existir medita su corriente (1949, Existentziak bere korrontea hausnartzen du). Bakardadean bizi ondoren 1970eko hamarraldian agertu zen berriro, kontakizun autobiografikoekin eta oroitzapen liburuekin, adibidez Crónica general (1974, Kronika orokorra), Memorabilia (1975), Heracles (1975) eta Breviarium Vitae (1979).