gihar
iz. Gizenik gabeko haragia edo haragi zatia. || Hed. Zerbaiten zatirik trinkoena edo zailena. ◊ Irud. Indarra. || Gizaki eta animalien gorputz zatien higidura eragiten duten organoetako bakoitza, ehun edo zuntz uzkurkorrez osaturik daudenak. v Anat. Uzkurtzeko edo lasaitzeko ahalmena dute giharrek, eta horixe da beren ezaugarri nagusia. Tasun horri esker, mugimendua eta organismoen bizitzarako prozesuak mugatzen dituzte. Beroa eta energia sortzea dira giharren funtzio nagusiak. Neurri eta itxura desberdinekoak izaten dira. Gihar zainen bidez hezurrekin edo beste organo batzuekin lotuta egoten dira. Gizonak 500etik gora gihar ditu. Hiru gihar mota nagusi bereizten dira: nahitako mugimendua sortzen dutenak edo ildoak dituztenak (osagai dituzten zuntzak luzaranak direlako eta lerroka ezarrita daudelako deitzen dira horrela), nahigabeko mugimendua eragiten dutenak edo leunak, eta bihotzekoa. Nahitako mugimendua sortzen dute organismoko gihar gehienek; gune askotako zelulez eta zilindro itxurako elementu luzeez daude osatuta. Nerbio sistema zentralaren eraginez lan egiten dute era honetako giharrek. Nahigabeko mugimendua sortzen dutenak nerbio sistema askearen mendean daude; txegoste hodian, arnas bideetan, linfa hodi handietan eta odol zainetan (arterietan eta zainetan) izaten dira. Bihotz giharrak ildoak ditu baino nahigabeko mugimendua eragiten du. Gihar honek eragiten du bihotzaren uzkurtzea (sistolea) indar elektrikoaren bidez. v Gihar ehun. Med. Gihar zuntz uzkurgarriez eratua eta gihar gehienen osagai den ehuna. Gihar ehunak lauak eta ildokatuak izan daitezke. Gihar ehun lauen zelulak luzeak eta ardatz itxurakoak izaten dira, arrautza eiteko gune bakarra dute ehunaren erdian, eta oso txikiak dira (25-100 µ); berez uzkurtzen diren organoen giharrak eratzen dituzte (heste, maskuri, utero eta odol-hodietako paretakoak, adibidez). Gihar ehun ildokatuak, berriz, zelulaniztunak dira, 12 cm luze izatera heltzen dira eta nahita uzkurtzen diren organoen giharrak eratzen dituzte, hezurrari lotuta daudenak bereziki; kasu berezia da bihotzarena, berez uzkurtzen den organoa bada ere gihar ehun ildokatuez eratua baitago.