García Gómez, Emilio
Espainiar idazle, filologo, historialari eta arabista (Madril, 1905 - Madril, 1995). Madrilgo Unibertsitatean egin zituen filosofia eta letretako ikasketak, arabierako espezializazioarekin. Honoris causa doktorea da zenbait unibertsitate europar eta arabiarretan (Sevilla, Granada, Kairo, Aljer, etab.) eta 1932an Granadako Ikasketa Arabiarren Eskolako zuzendari izendatu zuten. Harrezkero hainbat erakunderen zuzendari izan zen Europan eta arabiar herrialdeetan, eta hainbat sari jaso zituen (Asturiasko Printzea, Espainiako Historiako Sari Nazionala, Frantziako Ohorezko Legioa eta Libanoko, Siriako eta abarretako sari gorenak). Diplomatiko gisa ere lan egin zuen; 1958-1960 bitartean Bagdadeko enbaxadore izan zen, eta ondoren Beirutera (1960-2962) eta Ankarara (1962-1969) joan zen. Emilio Garcíak literatura arabiarrari buruzko argitalpen, itzulpen eta ikerketa ugari egin zituen, eta azken urteetako arabista handienetakotzat hartu da. Olerkigintza hispaniar-arabiarreko lanen itzulpen bikainak egin zituen, adibidez Poemas arabigoandaluces (1930, Olerkia arabiarandaluzak), Cinco poemas musulmanes (1944, Bost olerki musulman) eta Ibn Hazmen El collar de la paloma (1953, Usoaren lepokoa). Jartxei buruzko lan gogoangarriak ditu, Ángel Rodríguez Calvente ezizenez sinatuak horietako batzuk. Aipagarriak dira Las jarchas mozárabes y los judíos de al-Andalus (1957, Jartxa mozarabiarrak eta al-Andalusko juduak) eta Las jarchas romances de la serie árabe (1966, Arabiar saileko jartxa erromantzeak) batez ere, eta azpimarratzekoak dira, orobat, Ibn Zamrak, el poeta de la Alhambra (1975, Ibn Zamrak, Alhambrako olerkaria), Sevilla en el siglo XII (1981, Sevilla XII. mendean), Poemas árabes en los muros y fuentes de la Alhambra (1986, Alhambrako hormetako eta iturrietako olerki arabiarrak), berrogeita hamar urteko ikerketa lanen emaitza, eta Foco de antigua luz sobre la Alhambra (1988, Antzinako argia Alhambran).