García García, Javier
Espainiar arkitektoa (Madril, 1953). Madrilgo Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan egin zituen ikasketak, eta 1981. urtean atera zuen arkitekto titulua. 1982. urtean BAU Arquitectos S.L. enpresa sortu zuen, Luis Segundo Arana Sastre eta Juan Carlos Sancho Osinaga arkitektoekin, besteak beste. Parisko Opera Berria egiteko lehiaketan hirugarren saria irabazi zuen 1983. urtean, eta "Arkitektura Espainian" erakusketan parte hartzeko aukeratu zuten (Paris, 1984). Parisko Arkitektura Publikoko Biurtekoan Espainiako arkitektoen ordezkarietako bat izan zen 1990. urtean, eta Arkitekto Gazteen Bigarren Erakusketan parte hartzeko aukeratua izan zen 1992. urtean. Madrilgo Udalaren Hirigintza Saria irabazi zuen Iparralde-Hegoalde Burdinbidearen Pasabide Berdearekin (Madril, 1990) eta Carabanchelgo zabalgunearen hirigintza proiektuarekin (Madril, 1991), eta lehen saria eskuratu zuen San Sebastián de los Reyeseko Kiroldegirako Ideien Lehiaketan (1991).