Frénau, André
Frantses poeta (Montceau-les-Mines, 1907). Literatura, Filosofia eta Zuzenbide ikasketak egin zituen Parisen. 1930ean, frantseseko irakasle izan zen Lvoveko Unibertsitatean (Polonian). Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Alemaniara deportatu zuten, baina ihes egitea lortu zuen, eta erresistentzian parte hartu zuen. Bere poesia lanetan halako oldartu nahi bat azaltzen da, arrazoi existentzialengatik ezinegonez betea. Hizkera arrunta baina zehatza erabiltzen du beti, tonu aldaketa bat-batekoez eta irakurlea harrituta uzten duten ustekabe eta kontraesanez ederki hornitua. Haren mundu poetikoa Sartre edo Camusenaren pare jarri izan da: Les rois-mages (1943, Errege Magoak); Les mystères de París (1943, Parisko misterioak); La noce noire (1946, Ezkontza beltza); Poèmes de Brandebourg (1948, Brandenburgoko poemak); Poèmes de dessous Le plancher (1949, Zoru azpiko poemak); Énorme figure de la déesse Raison (1949, Arrazoi jainkosaren irudi eskerga); Les paysans (1951, Baserritarrak). 60ko hamarraldian bi poema bilduma argitaratu zituen: Il n´y a pas de paradis (1962, Paradisurik ez dago) eta La sainte face (1968, Aurpegi santua). Handik zenbait urtera, La Sorcière de Rome (1973, Erromako sorgina) poema luzea eman zuen argitara, eta hurrengo urtean, Mines des rien, petits délires (1974, Ezeren meatokiak, txikinahikeriak).