Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Flores, Edmundo

Mexikar ingeniaria eta idazlea (1919). Ingeniari agronomo ikasketak egin zituen Nekazaritza Eskola Nazionalean. Ekonomia doktore egin zen Wisconsineko Unibertsitatean (1944). Unibertsitateko irakaslea eta Nazio Batuetako Erakundeko aholkularia izan da. Víctor Paz Estenssororen agintaldiko Boliviako gobernuan aholkulari izan zen nekazaritza erreformarako gaietan. Bestalde, hainbat erakunde eta enpresa pribatutako aholkulari izan da, eta hainbat kargu bete ditu. Zientzia aldizkarietan ere parte hartu du, bai Mexikon bai Mexikotik kanpora. Bere idazlanetan behaketa zorrotza da ezaugarri nagusia, eta Mexikoko giroa batetik eta bestetik, bere pentsamendua, bere ikuspegia eta bere egoera erakusten ditu. Saiakera lanen artean aipagarriak ditu: Vieja revolución, nuevos problemas (1969, Iraultza zaharra, arazo berriak), Desarrollo agrícola (1972, Nekazaritzaren bilakaera), La alimentación, problema mundial (1975, Elikadura, mundu osoko arazoa), La ciencia y la tecnología en México (1982, Zientzia eta teknologia Mexikon), ¿Por qué la crisis y cómo remediarla? (1984, Zergatik krisia eta nola konpondu). Autobiografia batzuk ere idatzi ditu: Historias de Edmundo Flores. Autobiografía 1919-1950 (1983, Edmundo Floresen Istorioak. Autobiografia 1919-1950 ), Antesalas del poder. Autobiografía 1950-1973 (1986, Aginpidearen bezperak. Autobiografia 1950-1973). Ipuin liburu bat ere badu: Las moscas (1967, Euliak).