Florentzia
Italiako erdialdeko hiria, Toskanako hiriburua. Arno ibaiaren ondoan dago eraikia. 413.067 biztanle (1990). Errenazimentuko hiria da, batez ere, baina erromatarren garaiko eta Erdi Aroko (Ponte Vecchio) aztarrenak ere gorde ditu. Arkeologia eta arte aldetik dituen altxorrak oso aberatsak dira: katedrala, bataiarri; freskoz apainduriko elizak; herriko jauregiak, jaunen jauregia adibidez (Palazzo vecchio deitua) eta Bargello-koa; jauregi pribatuak, Medici eta Pitti, adibidez; museoak (Ufizzi, Italiako arte museorik garrantzizkoenetakoa, edo San Marko, Fra Angelicoren pinturak dituena). Munduko turismogune nagusietako bat da. Kulturan ere garrantzizkoa da. v Ekonomia. Antzinako ehun, kristal eta kolore emaileen industriez gainera, auto industria eta kimika industriak (Montecatini) ditu. Eskulanak ere badu garrantzia (zilargintza, lasto eta larru lanak, brodaketa, portzelana, jantzigintza). Pertsonaia handiak eman ditu Florentziak: Botticelli, Cellini, Cherubini, Concini, Dante, Donatello, Lully, Makiavelo, Medicitarrak, Uccello, Urbano VIII.a, Amerigo Vespucci. v Historia. Kristo aurreko 200. urte inguruan herri erromatarra zen; ondoren gotoen eta bizantziarren (539), eta lonbardiarren (580) eskuetan egon zen. Matilde kondesa hiltzean (1115) hiri burujabea izan zen Florentzia, eta Prato 1107an eta Empoli 1182an konkistatu zituen. Kontsulatua ezarri zuen 1138an, Frederiko Bizar-Gorriren gudarostea garaitu zuen (1173) eta aginte inperialaren kontrako borrokan buruzagitza hartu zuen 1197an. XIII-XIV. mendeetan guelfoen eta gibelinoen arteko gerrak izan ziren bertan. 1406an Pisa bereganatu zuen eta 1421ean Livornoko portua erosi zuen. Barruan eta kanpoan gerra ugari izan bazituen ere, Florentziak kultura bizitza jakingarria bultzatu zuen, eta monumentu asko eta harrigarriak eraiki zituen, gizadiaren historiako poetarik eta artistarik bikainenak erabiliz eta ohoratuz (Dante, Giotto, etab.). Merkataritzako eta bankako familiarik ospetsuenak artisten babesle izan ziren (Tornabuoni, Strozzi, Acciaiuoli, Bardi, Scali, Peruzzi, Pazzi, Medici). Indar handia izaki, agintea ere eskuratu zuten. XV. mendeko eta XVI. mende hasierako Florentziari distira eman zioten izenen artean, aipatzekoak dira: Leonardo da Vinci, Michelangelo, Rafael eta Makiavelo. XVI. mende bukaeratik aurrera, Florentziaren historia bat dator Toskanakoarekin.