Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Florida

Estatu Batuetako hego-ekialdeko estatua, izen bereko penintsulan. Mugak: ekialdean Atlantiko ozeanoa, Mexikoko golkoa mendebalean, Georgia eta Alabama iparraldean. 151.940 km2, eta 13.270.000 biztanle (1991). Hiriburua: Tallahassee. Hiri nagusiak: Fort Lauderdale, Jacksonville, Miami, Saint Petersburg, Tampa, Cañaveral, Everglades, Key West, San Agustin.  v  Orografia. Florida penintsula bat da, eta Mexikoko golko ingurua, itsasertzeko zabaldia hartzen du. Mendixka batzuk alde batera utzita (Tallahassee, penintsulako erdialdea), oso laua da. Aintzirak (30.000tik gora) eta padurak oso ugariak dira (Evergladeskoak, Okeechobeeko aintzirak, Aintzira Handien ondoren Estatu Batuetako handienak). Zenbait uhartek luzatzen dute hegora penintsularren muturra. Klima eguzkitsua eta gozoa da.  v  Ekonomia. Nekazaritzak (fruitu gaziak, Estatu Batuetako 2/3ak; lekariak) janari industria handia ekarri du. Abere hazkuntza. Basoak. Arrantza. Janari industriaz gainera, kimikak, papergintzak, argitalpenek, elektronika osagaiek garrantzi handia dute. Baina turismoa da industriarik garatuena, Miamin eta Disneyworld-en batez ere (14 milioitik gora bisitari urtean). Erretirodun askok bigarren bizilekutzat hartua dute Florida.  v  Historia. Juan Ponce de Leon-ek aurkitu zuen Pascua Florida egunean, 1513. urtean, eta Espainiako erregearen izenean haren jabetza hartu zuen. Alvaro Nuñezek esploratu zuen, eta protestante frantsesek kolonizatun. Menéndez de Avilések bota zituen frantsesak 1565ean. Espainiak Ingalaterrari eman zion Florida (1763), eta hogei urte geroago berriro hartu zuen, azkenik 1819an Estatu Batuei saltzeko. Kolonoen eta seminola indioen artean gudu gogorrak izan ziren han 1835-1842 bitartean. 1847an, Estatu Batuetako 27. estatu bihurtu zen eta Hegoko Konfederazioan sartu zen 1861ean. Hegoaldekoek gerra galdu ondoren, aberastu zen Florida. Azken aldian Floridako hegoaldea (Miami, etab.), Kubako erbesteratuen eta Fidel Castroren kontrakoen biltoki bihurtu da.