Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Nortasun Agiria

Espainiako eta Frantziako nortasun agirien ordezko nortasun agiri euskalduna, hasieran izen bereko elkarteak bultzatu zuena. Udalbitza euskal udalen elkargoak hartu zuen gero agiri hori banatzearen ardura. Bai Euskal Herriari eta Autodeterminazioaren Biltzarrak higikundeek ere egin zuten, besteak beste, ENAren aldeko kanpainarik. 2000. urteko azaroaren datuen arabera, Euskal Herriko hamaika udalek onartzen zuten ENA nortasun agiri bezala (Alonsotegik, Amorotok, Bermeok, Elantxobek, Lekeitiok, Mendexak, Garapek eta Turtziozek Bizkaian; Adunak eta Astigarragak Gipuzkoan eta Etxalarrek Nafarroan), eta une hartan 10.500 lagunek zuten jada eskuratua ENA. Urte bereko urrian, Bilboko epaile batek identifikazio baliabide legezkotzat jo zuen ENA, 1999an NAN aurkeztu beharrean bere burua Euskal Nortasun Agiriaren bidez identifikatu zuen pertsona bati jarritako zigorra bertan behera utziz.