Euskal Herria
Egun Frantziako eta Espainiako estatuen baitan dagoen Europako hego-mendebaleko nazioa, euskaldunen herria. Mendebaleko Pirinioetako mendien bi hegaletara zabaltzen da, Aturri eta Ebro ibaien artean, eta kostaldeko lurrak Atlantikoko Bizkaiko Golkoko uretara jaisten dira. 20.644 km2 eta 2.992.609 biztanle (2004, 142 biztanle km2-ko). Zazpi herrialdek osatzen dute Euskal Herria (Nafarroa bitan banaturik dago): Araba, hiriburua Gasteiz [233.399 biztanle]; Bizkaia, hiriburua Bilbo [355.667 biztanle]; Gipuzkoa, hiriburua Donostia [180.657 biztanle]; Lapurdi, hiriburua Baiona [44.300 biztanle]; Nafarroa Garaia, hiriburua Iruñea [197.275 biztanle]; Nafarroa Beherea, hiriburua Donibane-Garazi [1.511 biztanle]; Zuberoa, hiriburua, Maule-Lextarre [3.315 biztanle]. Iruñea da euskaldunen hiriburu historikoa. Hiru administrazio esparru berezitan banatzen dira egun Euskal Herriko herrialdeak. Hego Euskal Herria Espainiako estatuaren barnean dago eta bi Autonomia Erkidego bereizten dira bertan: Euskadiko Autonomia Erkidegoa (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa) eta Nafarroako Foru Komunitatea (Nafarroa Garaia). Ipar Euskal Herria (Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa) Frantziako estatuaren baitan dago, Pyrénées-Atlantiques departamenduaren barnean dago, Gaskoniako Biarnoko herrialdearekin batera. v Hizkuntza. Euskara da Euskal Herriko eta euskaldunen berezko hizkuntza, gaur egun Hego Euskal Herrian gaztelania eta Ipar Euskal Herrian frantsesa nagusi diren arren. 2001eko datuen arabera, Euskal Herriko biztanleen % 27,6k zekiten euskaraz: % 16,2, Araban; % 25, Bizkaian; % 51,5, Gipuzkoan; % 11,8, Nafarroa Garaian; % 22,8, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. XIX. mendearen azken laurdenean euskal herritarren erdiek zekiten euskaraz; gaur egun, berriz, eskaraz dakitenak laurdena besterik ez dira. Azken mendean gertatutako atzerakada hori ez da neurri berean gertatu eremu guztietan. Galera handiena Bizkaian izan da, eta, ondoren, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian; Araban, berriz, euskaldun gehiago dago gaur egun XIX. mendearen azken hamarkadetan baino. Horrez gainera, XIX. mende bukaeratik aurrera, etorkin kopuru handia jaso du Hego Euskal Herriak, eta biztanleria berri horrek Euskal Herria areago erdaldundu du. Erabilerari dagokionez, kaleko erabilera % 13,5ekoa zen 2001ean; herrialdez herrialde, Gipuzkoan hitz egiten da euskara gehiena eta Araban gutxiena. v Orografia. Bi alde nagusi bereiz daiteke, oro har, Euskal Herrian: iparralde menditsua eta hegoalde laua. Iparralde menditsuak Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaiko iparraldea eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako erdi-hegoaldea hartzen ditu. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako iparraldeko lurrak askoz ere zelaiagoak dira, eta muino txikiak daude Aturri ibaiaren aldeko lur behereetan. Mendebaleko Pirinioetatik Kantabriako mugetaraino zabaltzen diren garaiera apaleko mendiak altxatzen dira Euskal Herriko iparraldean. Euskal Herriko mendiak ez dira oso garaiak; ekialdean daude mendi gorenak, Nafarroa, Zuberoa eta Biarnoren arteko mugan (Ahüñemendi, 2.504 m; Hiru Errege Mahaia, 2421) eta apalagoak dira mendebalerantz jo ahala (Orhi, 2.017 m; Ortzanzurieta, 1.570 m; Saioa, 1.418 m). Mendebaleko Pirinioen hegoalderantz zabaltzen dira Nafarroa Garaiko goi-ordokiak. Nafarroa Garaiko ipar-mendebalearen, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren hegoaldean dauden mendialdeek (Aralar [Ganbo, 1.408 m], Aizkorri-Elgea [Aketegi, 1.544 m], Gorbeialdea [Gorbeia, 1.475 m]), Euskal Herri menditsuaren eta lauaren arteko muga zertzen dute. Garaiera bertsuko mendiak daude Bizkaiko mendebaleko muturrean, Enkarterrin (Zalama, 1.335 m). Bizkaiko eta Gipuzkoako erdialdean eta iparraldean goratasun xumeagoko mendiak zabaltzen dira itsasertzeraino. Araba osoan eta Nafarroa Garaiko erdialdean eta hegoaldean hedatzen da Euskal Herri laua. 500-700 m-ko ordoki zabalak dira, eta tarteka 1.000-1.500 m-ko mendialdeak daude, Araban eta Nafarroako mendebalean batez ere (Beriain, 1.494 m, Urbasa, Entzia, Iturrieta eta Añanako mendiak [Cueto, 1.345 m]). Hegoalderago Toloñoko eta Kodesko mendiak daude (Joar, 1.414 m). Toloñoko mendien eta Ebro ibaiaren artean hedatzen dira Arabako Errioxako lurralde lauak. Nafarroako hegoaldeko lurrak guztiz lauak dira (Lizarraldeko eta Tuteraldeko Erriberak). v Ibaiak. Euskal Herria Aturri (335 km) eta Ebro (928 km) ibaien artean zabaltzen da. Bizkaiko eta Gipuzkoako hegoaldeko mendialdeek eta Pirinioetako mendiek osatzen dute Euskal Herriko uren banalerroa. Aturri ibaira jotzen dute Pirinioetatik iparraldera doazen ibai gehienek. Aturri ibaiak bere azken kilometroetan baizik ez du Euskal Herria ukitzen, eta Baiona aldean itsasoratzen da bokale zabal batean. Zuberoako Uhaitzandi eta Nafarroa Behereko Biduze eta Errobi ibaiak hartzen ditu ezkerraldetik. Donibane Lohizunen itsasoratzen da Lapurdiko Ugarana edo Urdazuri ibaia. Ebro ibaiak, Euskal Herriko hego-mendebalean, Arabaren eta Gaztela eta Errioxaren arteko muga eratzen du. Nafarroaren eta Errioxaren arteko muga egiten du, eta Tuterako erriberako hegoaldeko lurren artean barneratzen da Euskal Herriko azken kilometroetan. Mediterraneo alderako isuria duten ibai guztiak hartzen ditu Ebro ibaiak, Omezillo, Baia, Zadorra, Uda eta Inglares, Araban, eta Odron-Linares, Ega, Arga, Aragoi, Alhama eta Queiles, Nafarroa Garaian. Bidasoa eta Urumea dira Nafarroa Garaian sortu eta Kantauriko itsasora doazen ibai nagusiak. Kantauri aldeko ibaiak ez dira hain luzeak, haran sakonak irekitzen dituzte eta ur emari handi samarrekoak dira. Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaiak itsasoratzen dira Gipuzkoan; Artibai, Lea, Oka, Butroi, Ibaizabal, Nerbioi eta Somorrostro edo Barbadun Bizkaian. Euskal Herriak ez du berezko aintzirarik, eta Zadorra da Euskal Herriko urtegi handiena. Euskal Herriko kostaldea oso malkartsua da. Portu gehienak ibaien bokaleetan daude eta hondartzak gutxi eta txikiak dira; batzuk guztiz ospetsuak dira (Miarritze, Donostia). Bi itsasadar nagusi daude Bizkaian (Bilbo eta Gernika), beste bat Lapurdiko iparraldean (Baiona) eta kontuan hartzekoa da, besteak beste, Bidasoak Lapurdiren eta Gipuzkoaren artean eratzen duena, Txingudi badian (Irun, Hendaia, Hondarribia). v Klima. Euskal Herriko klima ez da bakarra. Oro har ozeano aldeko klima duten lurraldeak eta Mediterraneo aldeko klima edo kontinente barrenekoa dutenak hartzen ditu Euskal Herriak, eta orografiak alde nabariak eragiten ditu gainera. Lau klima alde nagusi bereiz daitezke: ozeano aldeko klima epela (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaiko ipar-mendebala, Arabako iparraldea, Lapurdi, Nafarroa Beherea (hegoaldeko mendialdea izan ezik) eta Zuberoa (hegoaldeko mendialdea izan ezik); klima ozeanikoaren eta Mediterraneoko klimaren artekoa (Arabako erdialdea eta hegoaldea, Errioxa izan ezik, Pirinioen ondoko haran nafarrak, Iruñea eta Agoitz-Irunberriko haranak, Tafallako inguruetaraino); Mediterraneoko edo kontinente barneko klima (Nafarroako Tafalla aldea, Lizarraldeko eta Tuteraldeko erriberak; Arabako Errioxa) eta Alpeetako klima apala (Nafarroa Garaiko ipar-ekialdeko eremu garaiak; Nafarroa Behereko eta Zuberoako hegoaldeko eremu garaiak). Ozeanora ematen duten lurraldeetako klima epela da, neguak ez dira hotzegiak izaten (5-9°, batez beste) eta udak ez oso beroak (18-23°, batez beste). Oro har, urte osoan zehar izaten da euria, ugariago betiere ekialdeko lurretan (1.800-2.000 mm, Zuberoan, Nafarroa Beherean, Lapurdiko hegoaldean, Nafarroa Garaiko ipar-mendebalean eta Nafarroa-Gipuzkoako mugan) mendebalekoetan baino (Bilbo, 1.200-1.300 mm). Batez besteko balio horiek aldatu egiten dira, baina ez asko, orografiaren arabera. Klima ozeanikoaren eta mediterranearraren arteko lurraldeetako klima ozeanorako aldean baino hotzagoa da neguetan (3-6°, batez beste) eta beroxeagoa udetan (25°, batez beste). Euria urriagoa da (600-900 mm, batez beste). Euskal Herriko Mediterraneorako aldea da guztietan lehorrena (350-500 mm, batez beste). Udak eta neguak luzeak eta idorrak dira, eta udazkena izan ohi da sasoi euritsuena. Udak beroak dira (28-30° batez beste eta neguak hotzak (3° batez beste). 1.300 metrotik gorako beste mendialde batzuek (Aralar, Aizkorri) Euskal Pirinioetako ekialdeaz gainera, Alpeetako klimaren ezaugarriak dituzte. Neguak urritik maiatzera arte luzatzen dira eta hotzak dira (0-1°, batez beste), euria eta elurra ugari dira (1.800-2.000 mm); kopuru horiek baxuagoak dira Erronkariko haranean (1.200-1.300 mm). Pirinioetako mendialdeetan gertatu ohi den bezala, abendutik maiatza arte izaten da Euskal Herriko mendi garaienetan euri gehiena (% 60). Udak bero xamarrak dira, baina laburrak. v Ekonomia. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrialdeak Frantziako estatuko industriaguneetatik urrun daude, eta nekazaritzari, arrantzari (Lapurdiko kostaldean) eta jarduera horien araberako gizarte molde bati loturik bizi izan dira luzaroan. Hego Euskal Herriko bi herrialde, Bizkaia eta Gipuzkoa, Espainiako estatuko industrializazioaren gune nagusia izan ziren hasieratik bertatik. Zerbitzuen sektoreak geroz eta pisu handiagoa izan du, oro har, Euskal Herrian; bost langiletik hiruk zerbitzuetan lan egiten du. Lehen sektoreak du garrantzi gutxiena, eta bigarren sektoreak, indarra galdu badu ere, garrantzi handia du oraindik ere. 2001. urteko datuen arabera, langileen % 61,6 zerbitzuetan dihardu lanean, % 35,4 industrian eta % 3 baino ez nekazaritzan. Europako testuinguruan eta industrian diharduen langileen proportzioaren arabera, Euskal Herria Europar Batasuneko herrialde industrialenetako bat da gaur egun: Europar Batasunean batez beste langileen % 29,6 dihardu industrian, % 35,4, berriz, Euskal Herrian. XIX-XX. mendeetan, industrializazio prozesu indartsua gertatu zen, baina XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran, zerbitzuen sektoreak gero eta indar handiagoa hartu du. Nafarroa Beherea da herrialde nekazariena, Gipuzkoa industrialena, eta zerbitzuek, berriz, Lapurdin dute garrantzi gehiena. Lehen sektorearen barruan, nekazaritza intentsiboaren eredua nagusitzen ari da, eta, ustiategi kopuruak behera egin badu ere (% 21eko galera 1989-1999 bitartean), gero eta eremu gehiago erabiltzen da nekazaritzarako. Arrantzak garrantzi handia izan du historian zehar, baina, nekazaritzarekin gertatu bezala, arrantzaren gainbehera nabarmena izan da azken hamarraldietan: 2001ean 4.000 arrantzale eta 400 itsasontzi baino gutxiago zeuden Euskal Herrian; hamabost urte lehenago, berriz, 8.000 arrantzale baino gehiago eta 750 itsasontzi inguru. Donibane Lohizune-Ziburu eta Hendaia dira Lapurdiko arrantza portu nagusiak. Frantziako estatuko lehen atun portua da Donibane Lohizune. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantza portuak Espainiako estatuko garrantzitsuenak dira oro har, eta itsas barruko arrantzan (kostaldetik urrun) nahiz kostaldekoan jarduten dute bertako itsasontziek. Basoek Euskal Herriaren herena baino gehiago hartzen dute. Bizkaian eta Gipuzkoan, pinuak eta, neurri apalagoan, eukaliptusak hartu dituzte aurreko garaietan bertako arbolek (pagoa, haritza, gaztainondoa) estaltzen zituzten eremu handi zabalak. Oihanak zabalak dira Nafarroako iparraldean eta Ipar Euskal Herriko hegoaldean. Iratiko oihana, Nafarroa Garaiko Aezkoaren eta Zuberoako Basaburuaren artean, Europako haritz oihan nagusietako bat da. Bizkaiko burdin meatzeek galdu egin dute egun duela ehun urte zuten garrantzia eta, Nafarroa Garaiko hobi batzuk alde batera utzita (magnesita), Euskal Herriko meatzeek ez dute garrantzi handirik. Euskal Herria industria herria da, baina jarduera hori ez da bertako bazter guztietara modu berean zabaldu. Euskal Herrian XIX. mendearen erdialdean hasi zen hazkunde industriala, XX. mendean ekonomiaren ardatza bilakatu zen arte. Euskal Herriak oro har eta herrialde batzuek bereziki industrializazio prozesu handia jasan dute. XX. mendearen hirugarren laurdenean Araban eta Nafarroa Garaian industrializazio prozesu azkarra gertatu zen, eta Bizkaian eta Gipuzkoan areagotu egin zen prozesu hori; horrek guztiak sakoneko aldaketak ekarri zituen: 750.000 etorkin inguru iritsi ziren, biztanleria bikoiztu egin zen eta etxebizitza ugari eraiki ziren. Hala ere, mende oso batez euskal ekonomiaren sektore nagusia izan ondoren, 70eko hamarraldiaz geroztik, indarra galdu zuen eta birmoldaketa sakon bat gertatu zen. Garai hartako ekonomia krisiak oso gogor astindu zuen industria, eta ondorioak garratzak izan ziren, lanpostu asko galdu baitziren. Laurogeiko hamarraldian industrian jarduten zuten langileek greba eta protesta gogorrak egin zituzten. Oso latzak izan ziren, besteak beste, Bilboko Euskalduna lantegiko langileen borrokak. Azkenik, zerbitzuen sektorea da indar gehiena duena gaur egun Euskal Herrian (% 61,6). Hiriburuetan bildu dira administrazioaren zerbitzu nagusiak. Edonola ere, euskal herrialde guztietan zerbitzuen sektoreak ez du garapen berbera izan: Lapurdin langileen % 76,7 dihardu zerbitzuetan, eta Zuberoan, berriz, % 48,9 baino ez; bizkaitarren % 65,3k eta gipuzkoarren % 58,4k lan egiten dute sektore horretan. Kontuan hartu behar da, halaber, zerbitzuen sektorea izan dela azken bi hamarraldietan zazpi herrialdeetan hazkundea izan duen sektore bakarra. Turismoak badu garrantzia kostaldean eta Ipar Euskal Herrian, baina gutxi garatu da barnealdeetan. v Garraioak eta komunikabideak. Euskal Herriko errepide sarea ongi horniturik dagoen arren, ez ditu behar guztiak behar bezala betetzen. Bilbo-Behobia-Baiona autobideak lotzen ditu kostaldeko hiriak. Bilbo-Gasteiz-Burgos autobideak errazten du Bizkaia eta Araba arteko komunikazioa eta Iruñea-Irurtzun-Andoain-Donostia autobideak Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko errepide harremanak azkartzen ditu. Pirinioetako mendiek eta bi estaturen arteko muga izateak guztiz oztopatu dituzte Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak. Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko iraganbidea da, Bidasoa ibaiaren gainean, errepide bidezko pasabide bizkorrena eta erabiliena, guztiz funtsezkoa Frantziako eta Espainiako estatuen arteko harremanetarako. Nafarroa Garaiaren eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren arteko bideak, ordea, guztiz bestelakoak dira; orografia eta klima oztopo handiak gainditu behar dituzte eta ez dira erosoak. Euskal Herriko burdinbide sareari dagokionez, Madril-Paris burdinbidea du ardatz nagusia eta horrekiko loturak osatzen dituzte beste gainerako burdinbideak: Bilbo-Miranda-Castejon; Altsasu-Iruñea-Tutera; Baiona-Donibane Garazi. Bide estuko burdinbide batek lotzen ditu, zuzenean ez bada ere, Hendaia eta Bilbo. Gisa horretako burdinbide asko galdu da Euskal Herrian azken berrogeita hamar urteetan, Gasteiz-Lizarra, Gasteiz-Maltzaga edota Urolako trena, adibidez. Hiru merkataritza portu ditu Euskal Herriak. Bilboko portua Espainiako estatuko nagusia da, eta Europako Hego Atlantikoko garrantzizkoenetako bat. Kontuan hartzekoak dira, halaber, Pasaiako eta Baionako portuak. Bost aireportu ditu Euskal Herriak, lau hegoaldean (Loiu, Foronda, Hondarribia eta Noain) eta bosgarrena Lapurdin (Miarritze). v Historia. Euskaldunak Historiaurrean. Gaur egungo Euskal Herriak hartzen duen lurraldean Behe Paloeolitoko (K.a. 70000. urtea baino lehen) giza aztarna batzuk aurkitu dira. Lurralde honi buruzko lehenengo idatzizko datuak K.a. II. eta I. mendekoak dira. Erdi Paloeolitoan (K.a. 50000), Neanderthalgo gizona zen gaurko euskal lurretan zebilena, eta geroago (K.a. 40000) Cro-Magnon izenekoa. Euskal gizakia K.a. 7000. urte aldera, Mesolitoan euskal eremuan bizi zen gizonaren ondorengoa bide da. Milaka urteetan, Pirinioen bi isurietan dauden lurretan eta gaur egungo Bizkaiko golkoaren ertzean inbasio aipagarririk gertatu ez bazen ere, gizarte aldaketak nabariak izan ziren Neolitotik aurrera (K.a. 5000-2500). Joxe Migel Barandiaran antropologoaren ikerketen arabera, 5.000 lagun inguru bizi zen garai hartan gaur egun Euskal Herria den lurretan. K.a. 2500 urte ingurutik aurrera, gero eta harreman gehiago izan zuten euskaldunek inguruko eta urrunagoko herriekin; garai haietan hasi ziren, bestalde, Europako Sortaldetik zetozen herri indoeuroparrekiko harremanak. Brontze Aroaren bukaera aldera areagotu egin ziren herri zeltekiko harremanak. Burdin Aroan (K.a. 600. urte ingurutik aurrera), arras zabaldu zen Euskal Herrian burdinaren erabilera eta asko gutxitu herri zelten eragina, euskal eremuaren inguruko lurraldeetan ez bezala.
v Euskaldunak Historiaren atarian. K.a. II. mendean erromatarrak Ebro ibaiaren goialdeko ibarretara heldu ziren; eta aldi berean Akitaniako euskaldun herriekin harremanetan hasi zirenerako, herri eta zibilizazio asko igaroak ziren Euskal Herrian barrena, iparraldetik hegoalderantz batez ere. Erromatarren eta euskaldunen arteko harremanak onak izan bide ziren, pax romana delakoan oinarrituta. Erromaren zerbitzuko geografo eta historiagileek idatzi zituzten garai hartako Euskal Herriari buruzko lehen argibideak (Pliniok, Estrabonek eta Ptolomeok bereziki, K.o. I. eta II. m.). Erromako idazleen arabera, baskoiak, barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak bizi ziren gaur egungo Hego Euskal Herrian; eta Pirinio mendietatik Garona ibairaino, Zesarrek deskribatu zuen Akitania zaharrean, tarbelli, osquidates eta sibyllates, bigerriones, convenae, cocosates, consoranni, benearnenses, auscii (hauek eman zioten izena Akitaniari), tarusates, vasates, volcoe eta boates herriak. K.o. III-IV. mendeetan, Galiako hego-mendebalean, erromatarrek Novempopulania izeneko probintzia osatu zuten, baina IV. mendean hasi zen Erromako inperioaren beherakada eta erromatarrek sortu edo sendoturiko hirien gainbeherarekin batera etorri zen, oro har, mendian —erromatarren eraginetik kanpo— bizi zirenen pizkundea.
v Frankoen eta bisigodoen erasoak: Baskoniako dukerria. Euskaldunen eta erromatarren arteko harremanak oro har baketsuak izan baziren ere, guztiz bestelakoak gertatu ziren euskaldunen eta herri germaniar eta godoen artekoak. Euskaldunek ez zituzten gogo onez hartu III. mende bukaeratik aurrera Iberiar Penintsulan barneratu ziren herri germaniarrak (sueboak) eta aurre egin zieten, inoiz ez bezala, ekialdetik eta hegoaldetik erasoan inguratu ziren bisigodoei lehenik, eta iparraldetik hedatu ziren frankoei ondoren. Euskaldun guztiak, Pirinioetako bi aldeetakoak, vascones deituraz azaltzen dira bai bisigodoek eta bai frankoek eginiko idatzi latinoetan. VI. mendean, Hispania ia osoan finkaturiko bisigodoen eta Galiako iparraldetik erasoan zetozen frankoen aurka borrokatu ziren euskaldunak. Gerra haien ondorioz beharbada, barne-migrazio handiak gertatu ziren garai hartan. Indartsuagoak ziren arren, godoek eta frankoek ez zuten Euskal Herria nahi bezala menderatu, baina administrazioguneak ezarri zituzten euskal lurraldeetan. VII. mendearen hasieran frankoek Baskoniako dukerria sortu zuten, Pirinioetatik Garona ibai aldera zabaltzen ziren eremuak hartzen zituena, eta, gorabeherak izan baziren ere, bertako dukeek independentziari eutsi zioten historian zehar. Bisigodoek euskaldunen aurkako erasorako erabili zuten Kantabriako dukerria, Euskal Herriko mendebalean batez ere. Bisigodoak, ordea, ez ziren sekula Hego Euskal Herriaz jabetu. VIII. mendearen hasieran (711), sartu ziren musulmanak Iberiar Penintsulan. Arabiarren etorrerak bizkortu egin zuen Euskal Herriko kristautzea eta batez ere Akitania erromanizatukoa, buruzagi euskaldunekiko harremanak estutu baitzituen gaur egungo Gaskoinian ziharduen elizak. Egoera berri honek franko karolingiarren eraso gehiago ekarri zituen; euskaldunek haien aurka lortu zituzten garaipen garrantzitsuek (Orreaga, 778 eta 824) Euskal Herriko lehen erreinua sendotu zuten, Iruñekoa, Nafarroako erreinuaren aurreko egitura politikoa. Erakunde berri honen esparruaren eta eraginaren barnean geratu zen Euskal Herri euskalduna, eta Akitaniako alde erromatartua (gaur egungo Gaskoinia) bereizi egin zen pixkana-pixkana hartatik. X. mendean, Iruñeko eta Nafarroako erreinua sendotuz joan zen heinean, azaldu ziren historian, batzuk besteak baino lehenago, Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeak: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta historian zehar lotu zitzaizkien lurraldeak. Ipar Euskal Herriko lurraldeetatik, gerokoan Nafarroa Beherea osatuko zuten eremuak zuzenean batu zitzaizkion Nafarroako erreinuari (lotura osoa XIII. eta XIV. mendeetan gertatu zen) eta beste bik, Lapurdik eta Zuberoak, Baskoniako Printzerriaren barnean jarraitu zuten, Nafarroako eta Frantziako erregeen mendean hasieran eta Ingalaterrako koroaren pean XII. mendean (1152, Henrike II.a Ingalaterrakoa Eleonor edo Alienor Akitaniakoa ezkondu ondoren). Nafarroako erreinuko erregeak arabiarrek hegoaldean hartutako lurraldeak berreskuratzen hasi ziren, eta Antso III.a Handiaren garaian Nafarroako erreinura bildu ziren euskal eremu guztiak: egungo Euskal Herria, Burgosko iparraldeko Bureba, Errioxa eta Gaskoiniako eremu batzuk. Nafarroako erreinuak, ordea, eragozpen handiak izan zituen euskal lurralde guztien batasunari eusteko. Gaztelako konderri berriek etengabeko erasoan jarraitu zuten Euskal Herriko mendebaleko lurraldeen kontra; Frantziako erreinuaren eragina handia zen Akitania guztian eta, frankoek erakutsitako moldeei jarraiki, ez zuen amore eman erromatarren garaiko Galia osoaz jabetu zen arte, luzaroan lortu ez bazuen ere. 1234. urtean hil zen Antso VI.a Azkarra, Nafarroako azken errege baskoia, eta, lan militarretan nabarmendu zen arren, haren erreinaldian geratu zen Gipuzkoa Gaztelako erregeen agintepean (1200; Alfontso VIII.a Gaztelakoaren konkista). 1200. urtean bertan hartu zituen Gasteiz eta Trebiñu beretzat Gaztelako erregeak (1332. urtean lotu zitzaion Araba Gaztelako erreinuari) eta 1379. urtean elkartu ziren Bizkaia eta Gaztelako erreinua koroa bakarrera, nahiz eta jaurerria aspalditik egon Gaztelako erreinuaren eraginpean.
v Euskal Herria eta Goiz Erdi Aroa: foruak eta hiriak. Koroa baten nahiz bestearen mendean geratu ziren euskal lurralde guztiek jaso zuten erregeengandik jatorrizko erakundeak eta askatasunak errespetatuko zituztelako agindua. XIII. mendetik aurrera hasi ziren foruak idazten. Erregeek emaniko hitza eta, batez ere, tokian tokiko erakundeen jarduera aski zen hasieran lege zaharrak babesteko, baina Nafarroako lehen errege frantsesaren etorrerak Nafarroako Foru Nagusiak idaztera bultzatu zituen nafarrak 1237an; Arabako Foruak 1332. urtean idatzi ziren, arabarrek Gaztelako erregea onartu zutenean; 1342an idatzi zen lehenengoz Bizkaiko Forua, eta 1379. urtean hasi ziren Gipuzkoakoak idazten. Erregeek lege zaharrak bere horretan onartuko zituztelako hitza emana zuten, baina foruak eta eskubideak idatzi eta zehaztu ziren, monarkia haiekiko mesfidantzaz edo. Bestalde, XI. mendean hasi ziren Nafarroako erregeak hiriak sortzen, eta egiteko berari ekin zioten Gaztelako erregeek XII. mendetik aurrera. Euskal Herriko gizarte egitura biziki aldatu zen XIII. eta XIV. mendeetan: Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin aurrerapen handiak egin ziren ontzigintzaren eta arrantzaren alorretan, eta merkatari klase guztiz indartsu bat antolatu zen euskal kostaldeko portu nagusietan. Merkataritza ontzi euskaldunak ibili ziren Atlantiko aldeko itsaso guztietan eta lotura estuak sortu ziren euskaldunen eta Ipar Itsasoko portuen artean (Bizkaiko Kontsuletxea Brujasen, 1348). v XIV. mendean ahaide nagusien artean hasi ziren borrokek eragin handiagoa izan zuten, beharbada, Euskal Herriko barnealdean kostaldean baino. Nolanahi ere, euskaldunen arteko borroka haiek (ganboarrak eta oinaztarrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; agramondarrak eta beaumontarrak Nafarroan, Zuberoan eta, neurri apalagoan, Lapurdin) oso ondorio txarrak ekarri zituzten, hildako asko eragiteaz gainera, herria guztiz pobretu baitzen eta, Nafarroaren kasuan, erreinuaren independentzia galarazi baitzuten. Ez dago garbi zerk eragin zituen ahaide nagusien edo jauntxoen arteko liskar haiek, baina zalantzarik gabe esan daiteke erregeen irudia indartu zutela, haiengana jotzen baitzuten maiz herritarrek laguntza bila, borrokak geraraztearren.
v Frantziako eta Espainiako estatu berriak: Nafarroako erreinuaren galera. XII. mendetik aurrera, Ipar Euskal Herriko lurraldeak Frantziako eta, geroago, Ingalaterrako koroaren mendean geratu ziren. Gaur egungo Nafarroa Behereko lurrak XIII. eta XIV. mendeetan lotu zitzaizkion Nafarroako erreinuari. Baionako portua nafarren itsas irteera nagusia izan zen luzaroan (areago Hondarribia, Pasaia eta Donostia Gaztelako erregeen mendean geratu ondoren); Lapurdiko jaunek harreman estuak zituzten nafarrekin eta Zuberoako historia oso lotua egon da Nafarroa Beherekoarekin. Frantziako koroa luzaroan saiatu zen Akitaniako dukerri ingelesa eskuratzen, eta 1453. urtean igaro zen azkenean dukerria frantsesen eskuetara. 1449. eta 1451. urteetan, Frantziako koroaren pean geratu ziren Zuberoa eta Lapurdi; Frantziako erregeak Aiherrako hitzarmenean agindu zuen bi lurraldeetako foruak errespetatuko zituela. Bestalde, Nafarroa bitan banatu zen XV. mendean: Fernando I.a Aragoiko erregea agramondarren eta beaumontarren arteko liskarrez eta borrokez baliatu zen Nafarroaz jabetzeko (1512). Nafarroan, 1479. urteaz gero, Foix etxeko erregeak zeuden, eta ez zuten egoera tamalgarri hura konpontzen asmatu. 1530. urtean utzi zuen Gaztelako koroak Nafarroa Beherea; Nafarroa Garaia Gaztelako koroaren pean egon zen aurrerantzean. Nafarroako koroa, Biarno, Foix eta Gaskoiniako beste lurralde batzuk, berriz, 1589. urtean, Frantziakoari lotu zitzaizkion, Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako errege egin zutenean. XVI. mende hasieratik aurrera bi estatu indartsu, Frantziako eta Espainiako estatuak, gorpuztu ziren Euskal Herriaren gainetik. Frantziako koroak erreinua osatzeko ahalegin bereziak egin zituen XVI. mendean zehar, eta erreforma protestanteak eragin zituen arazoak izan ziren ahalegin horretan oztopo nagusia. Henrike III.a Nafarroako errege borboitarrak baretu zuen Frantziako erreinua errege izendatua izan ondoren (1589). Espainiako estatuaren batasuna konkisten bidez burutu zen (Nafarroako erreinua izan zen azkena, 1512-1530). Horrez gainera, berebiziko garrantzia izan zuen Ameriketako aurkikundeak Europako sartaldeko eta Euskal Herriko historian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Gaztelako erregearen zerbitzari leialak ziren (Gipuzkoak laguntza eskerga eskaini zion Gaztelari Nafarroaren konkistan) eta berehala abiatu ziren lur berrien konkistara. Bestalde, erlijioen arteko gatazkek lekua hartu zuten Ipar Euskal Herrian; hala, Joana Albretekoa Nafarroako erreginak protestantismoaren aldeko aitorpena egin zuen Pauen 1560. urtean; erlijio aldaketa horrek are gehiago bereizi zuen iparraldea Hego Euskal Herritik, azken hori fede katolikoaren zaindari nagusia bilakatu zen Espainiako koroaren mendean baitzegoen.
v XVII. eta XVIII. mendeak Euskal Herrian. Ameriketako konkistak abantaila argiak ekarri zituen Hego Euskal Herrira. Euskaldunak ohituta zeuden itsas lanetan eta merkataritzan, eta foruek ematen zieten noble izaeraz baliatuta, erraztasunak izan zituzten Espainiako eta Indietako administrazio eta armada karguak hartzeko. Gizarteari dagokionez, udalak sendotu eta Erdi Aroko ahaide nagusiek indarra galdu zuten, baina estatu berriaren baitan aristokrazia eta merkataritza burgesia molde bat indartu zen. Egoera berri horretan sortu ziren lehen klase gatazkak (Gatzaren matxinada, 1631-1634) eta egituratu ziren lehen gremioak. Ekonomian, Ameriketatik ekarritako landare berriek (artoa, patata…) aldakuntza sakonak eragin zituzten laborantzan; itsas merkataritza izugarri handitu zen (Indietako merkataritza) eta itsas barneko arrantzak (balea, bakailaoa) irabazi handiak ekarri zituen XVII. mende erdialdea arte. Horrez gainera, burdingintzako eta ontzigintzako teknologia berria abiarazi zen, armagintza sendotu eta Europako hirietako lanbideak zabaldu ziren. Hego Euskal Herriak ez zuen unibertsitaterik, eta goi mailako ikastegiak sortu ziren XVI. mendetik aurrera (Oñati, Lizarra, Iruñea), garrantzizkoenak XVIII. mendea arte zabaldu ez ziren arren. 1659. urtean, Espainiako eta Frantziako erresumetako ordezkariek Pirinioetako Bakea izenpetu zuten Irungo Faisaien uhartean. Bake hitzarmen honen arabera, Gaztela eta Frantziako etxeen artean bi mendez luzatu ziren arazoak konpontzeaz gainera, Frantziako eta Espainiako estatuen arteko mugak zehaztu ziren, eta Frantziako erregeak espreski uko egin zien Nafarroa Garaian zeuzkan errege eskubideei. Frantziako errege borboitarrak biziki saiatu ziren euskaldunen askatasunak eta eskubideak murrizten. Pirinioetako Bakearen ondoren asko gutxitu zen Espainiako erreinuak Europako mendebaldean zuen eragina, eta XVI. eta XVII. mendeetan Hego Euskal Herriak izan zuen oparotasuna ekonomia krisi larri bihurtu zen XVII. mendearen bukaeran: Europako merkatua arras murriztu zen eta Espainiako erreinuaren izenean Indietako merkataritzan ziharduten ontzi euskaldunek gero eta oztopo handiagoak izan zituzten. Ekonomiaren egoera larriak behartuta eta borboitarren zentralismoak bultzatuta, Filipe V.a Espainiako lehen errege borboitarrak (1700), aduanak Ebrotik itsasertzera eta Pirinioetara igaro zitezela agindu zuen 1717an. Bizkaiko herria neurri haien aurka altxatu zen (1718ko matxinada) eta agindua baliogabetzea lortu bazuen ere (1723), bortizki zapaldu zuten matxinada hura. XVIII. mendearen hasieran areagotu egin zen ekonomia krisia Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herria nekazari lurraldea zen nagusiki. Bestalde, Frantziako ilustratuen ideia berriek gero eta arrakasta handiagoa zuten Hego Euskal Herriko handikien artean, baina, elizaren eraginez, ideologia materialista ateoak oso oihartzun eskasa izan zuen herrian. Gipuzkoako handiki ilustratuek (Peñafloridako kondeak bultzatuta) Euskalerriaren Adiskideak izeneko elkartea sortu zuten 1765ean, ekonomia, industria, ikerketa eta irakaskuntza alorretako egiturak berritzeko eta bizkortzeko asmoz; ekimen horrek, ekonomian halako eraginik izan ez zuen arren, berebiziko garrantzia eduki zuen jakintzaren alor guztietan, eta Hego Euskal Herri osora hedatu zen. XVIII. mendearen bukaeran, Frantziako Iraultzak Euskal Herriko bazter guztiak irauli zituen (1789), eta ideologia liberala, iraultza burgesaren aldekoa eta absolutista, Errejimen Zaharra bere horretan uztearen aldekoa, hedatu zen Euskal Herri osora.
v Frantziako iraultza eta Euskal Herriaren antzinako askatasunen galera. XVIII. mendean nagusitu zen ideologia burges berriak izan zuen eraginik Ipar Euskal Herrian. Garat anaiek, Lapurdiko biltzarreko hirugarren estatuko ordezkariek, aldaketa eta iraultza defendatu zuten Frantziako Estatu Orokorretan (Batzar Konstituziogilea, 1789ko uztailak 9), eta sutsu eutsi zioten, alferrik halere, Lapurdiko biltzarraren nortasunari, Frantziako Batzarrak Frantziako lurralde guztien arteko berdintasunaren adierazpena egin zuenean; Frantziako errege Luis XVI.ak Nafarroakoa izateari utzi zion, “frantses guztien errege” bihurtzeko. 1790. urtean sortu zen Biarnoko departamentua, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak barnean hartuta, geroxeago Basses-Pyrénées izena hartu zuena. Hego Euskal Herriko foruen ezabapena ekar zezakeen neurri horrek ez zuen berehalako oihartzunik izan Espainiako estatuan. Liberalek departamendu horren aldeko jarrera agertu zuten eta iraultzaren aurka zeuden absolutistek, berriz, aitzakia gisa erabili zuten foruen defentsa beren helburu politikoen alde. Foruzaletasun hori ez zen ordea Lehen Karlistaldia arte agertu. Euskal Herria guztiz nahasi zen Frantziako iraultzaren ondoren. Ipar Euskal Herriko herrietan gatazka biziak izan ziren iraultzaren aldekoen eta aurkakoen artean; urte haietan hasi ziren lege zaharrak eta euskara iraultzaren aurkako tresna moduan erabiltzen, erlijioarekin eta ideologia erregezalearekin nahasita. 1794. urtean, Konbentzioko Gerraren garaian, Gipuzkoara igaro ziren oste frantsesak, eta urtebete geroago Araban, Bizkaian eta Nafarroan sartu ziren. Espainiako gobernuak gudalostea bidali zuen bertara. Hego Euskal Herriko ordezkarien eta frantses agintarien arteko harremanak eten egin ziren Frantziako eta Espainiako estatuen artean hitzarmena izenpetu ondoren (Basileako Bakea, 1795). 1807ko urrian sartu ziren Napoleonen oste frantsesak Gipuzkoan, 1810ean baliogabetu zituzten frantsesek foruak eta 1813an, frantsesak Iberiar Penintsulatik bidali ondoren, Cadizko konstituzioa onartu zuten probintzietako Diputazioek. 1814ean berriro ere jarri ziren foruak indarrean. 1820-1823 bitarteko urteetan liberalak nagusitu ziren Espainian eta foruak ezabatu zituzten, eta 1823an frantses erregezaleak sartu eta absolutismoa ezarri zuten Espainian, Frantzian egin zuten bezala. Foruak indarrean jarri ziren berriro, baina ahulduta zeuden haietatik sortutako erakundeak. v Espainiako erregetzaren eta erregimenaren nolakotasuna —liberala edo absolutista—, eta foruen etorkizuna jarri ziren jokoan Fernando VII.a hil ondoren sortu zen erregetzarako gatazkan (1833). Lehenengo Karlistaldian (1833-1839) Hego Euskal Herriko zatirik handienak Karlos erregegaiaren alde jo zuen, zeinak foruen iraupena ziurtatu baitzuen (haren armadan nabarmendu zen Tomas Zumalakarregi gipuzkoar jeneral karlista). Gerra 1839. urtean amaitu zen, Bergarako Besarkadarekin. Liberalek foruak gordeko zituztela agindu zuten, baina ez zuten esana bete eta 1837-1845 urteetan foruak izugarri murriztu ziren (aduana 1841. urtean eraman zen Ebro aldetik Bidasoara). Aldakuntza sakonak izan ziren Euskal Herrian XIX. mende erdialdetik aurrera. Industria iraultzaren garaian Europa guztira zabaldu zen burgesia indartsu bat hasi zen Bilbo aldean gorpuzten, burdin meak, labe garaiak (Santa Ana-Boluetako lehen labe garaia, 1848) eta ontziolak oinarritzat hartuta. Bilboko kapitalisten ahaleginak finantzetara lerratu ziren (Bilboko Bankua, 1857), eta 1860. urtetik aurrera hasi ziren burdinbide sareak Hego Euskal Herrian hedatzen. Mota askotako lantegiak zabaldu ziren Gipuzkoan; Araba eta Nafarroa ahalegin horretatik aparte geratu ziren. Espainiako estatuan bizi-bizirik jarraitzen zuen liberalen eta absolutisten arteko gatazkak, eta baita foruen aldeko sentipenak ere. 1872. urtean hasi zen Euskal Herriko Bigarren Karlistaldia eta, aurrekoan bezala, erregetzaren auzia, ideologia gatazka eta foruen etorkizuna jarri ziren jokoan. Nolanahi ere, aurrekoan baino pisu handiagoa izan zuen honetan alderdi ideologikoak, euskal karlista asko foruen egoera tamalgarriak bultzatuta altxatu bazen ere. 1876. urtean amaitu zen gerra, eta urte bereko uztailean ezabatu ziren betiko euskal foruak. Hala ere, neurri hura ez zen euskal liberal askoren gogoko gertatu. 1878. urtean berriro ezarri ziren Kontzertu Ekonomikoak izenekoak, foru askatasunen azken hondarra. Bigarren Karlistaldiaren ondoren, zeharo aldatu zen Euskal Herriko ekonomia, gizarte eta politika egoera. Bizkaian antolatzen ziren ekonomia egitura kapitalista modernoak Gipuzkoara eta beste euskal eremu batzuetara hedatu ziren; Bilbo alderako etorkin mugimenduak areagotu egin ziren (Bizkaiko etorkinak ziren hasieran, beste euskal lurraldeetako eta Kantabria eta Gaztelako etorkinak ondoren) eta nekazaritza eremuak husten hasi ziren; asko izan ziren Ameriketara, Uruguaira eta, batez ere, Argentinara alde egin zuten nekazariak. Bizkaian, neurri apalagoan, Gipuzkoan, lehen langile talde sozialista eta anarkistak hasi ziren egituratzen, eta —liberal askok euskaldunen aurka bideratu zuten politika zentralista gogorra zela eta— Euskal Herriko nazionalismoa edo abertzaletasuna sortu zen. Ipar Euskal Herriko egoera bestelakoa zen, nolanahi ere: estatuko erakundeek baztertuta, finantza baliabiderik gabe, bazterreko lurraldeak bihurtu ziren, oro har, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, eta milaka eta milaka lagunek hartu zuten atzerrirako bidea: Ameriketara, Uruguaira eta Argentinara bereziki. Baiona, kostaldeko hiri batzuk eta Maule ziren laborantzaz bestelako bizibideetan iraun zuten bakarrak. Lapurdiko kostaldea, Miarritze batez ere, turismo leku ospetsua bihurtu zen garai hartan.
v XX. mendeko Euskal Herria. XIX. mendearen bukaeran sortu ziren Bizkaian lehen erakunde abertzaleak (Euzko Alderdi Jeltzalea, 1893) eta sozialistak (PSOE, Espainiako Alderdi Sozialista, 1879. urtean Espainian, 1886an Bizkaian). Mugimendu anarkistak ez zuen arrakastarik izan Euskal Herrian. Sabino Aranak foruen erabateko ezabapenaren ondoko hutsune politikoa bete zuen; hura izan zen Euskal Herriaren nazio izaera zehaztu eta aldarrikatu zuen lehen politikaria. Alderdi Sozialista Bizkaiko langile taldeetatik sortu zen. Hasieran, Bizkaiko industrialdera bildutako langile etorkinen artean zabaldu zen, eta XX. mendearen hasieran langile euskaldunen artean ere hasi zen zabaltzen, Eibar aldean bereziki. Bi alderdi politiko hauek, eta haien inguruan sortu ziren beste batzuek, erabat aldatu zuten Hego Euskal Herriko mapa politikoa XX. mendearen hasieran. Alderdi nazionalista azkar zabaldu zen Bizkaia osora, Gipuzkoara eta, neurri apalagoan, Arabara eta Nafarroara. Alderdi sozialistaren hazkundea ez zen hain nabaria izan; 1931. urtean, indar handia zuen Alderdi Sozialistak, Bilbo aldean batez ere, alderdi errepublikarren eta gainerako ezkertiarren gainetik. XX. mende hasieratik aurrera industria bidean jarraitu zuten Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta nekazaritzak jarraitu zuen nagusi Araban eta Nafarroan. Ipar Euskal Herrian Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) hautsi zuen ordu arteko emigraziorako joera. Gerrak hildako ugari eta frantses kontzientziaren areagotzea ekarri zituen. Abertzaletasunak 1930. urteetan egin zituen lehen urrats sendoak baina 1960-70 hamarkada arte ez zen gorpuztu (Enbata, 1963). Hego Euskal Herrian gero eta etorkin gehiago jarri zen bizitzen, Bizkaian batez ere. Primo de Riveraren diktaduraren aurreko urteetan (1915-1923), euskal kulturaren aldeko institutu eta proiektu asko sortu ziren (Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, unibertsitaterako proiektuak…) eta urte haietan gauzatu ziren Hego Euskal Herrirako autonomia estatutu baten lehenengo proiektuak, foruzale batzuek eta, batez ere, nazionalistek bultzatuak; tirabira handiak izan ziren ordea autonomiaren eta independentziaren aldekoen artean. Sozialistek ez zuten autonomia proiekturik onartu errepublika arte (1933). Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930) etena ekarri zuen euskal mundura, kulturan eta politikan, eta bide batez berregituratzeko aukera eman zion Euskal Herriko eskuin espainiarrari. 1931ko Errepublikak harrera ona izan zuen oro har Hego Euskal Herrian, eta berriro plazaratu zen autonomia estatutuaren beharra. 1931ko urtean bertan aurkeztu zuen Eusko Ikaskuntzak Hego Euskal Herriko Autonomia Estatutua, Lizarrara bildutako lau lurraldeek onartu zutena. Hura ez zuten, ordea, Madrilgo parlamentuan onartu, eta beste proiektu bat egin behar izan zen. Espainiar eskuinak eta Nafarroako sozialistek eta errepublikarrek autonomia estatutuaren aurkako kanpainari ekin zioten, eta Nafarroa proiektu hartatik kanpo geratzea lortu zuten. 1933an onartu zen gainerako lurraldeetan autonomia estatutua, baina 1934ko Espainiako gobernu eskuindarrak ez zion inolako biderik eman. 1936ko otsailean ezkerra nagusitu zen Espainiako hauteskundeetan, nazionalistak Bizkaian eta Gipuzkoan, eta eskuin espainiarra Nafarroan. v 1936ko uztailean matxinatu zen Franco, eta hasi zen Espainiako Gerra Zibila. Hego Euskal Herria berriro ere banatu zen: nafar karlistek eta eskuindarrek matxinada horren prestakuntzan parte hartu zuten eta, lurralde horretako oposizio guztia ezabatu ondoren, euskal abertzale eta ezkertiar guztien aurka jo zuten. Errepublikaren aldeko bidea hautatu zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Gipuzkoako ekialdea frankisten eskuetan zegoela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzako autonomia estatutua onartu zuen Espainiako gobernuak, eta Eusko Jaurlaritza (1937ko urria) sortu zen. Euskal gobernu berriak frankisten aurka zeuden indar guztiak bildu zituen bere aldera eta autonomia handiz jardun zuen, gerra setioak hala behartuta. 1937ko ekainean hartu zuen Francok Bizkaia osoa, sekulako triskantzak egin ondoren (Durango eta Gernikako bonbardaketak). Eusko Jaurlaritzak erbestera jo behar izan zuen. Milaka euskaldun hil ziren gerran eta kartzelan, eta milaka euskaldunek hartu behar izan zuten erbesterako bidea. Gerra bukatu zenean (1939), Francoren bakeak “herrialde traidoretzat” hartu zituen Bizkaia eta Gipuzkoa, eskubide politiko oro ukatu zien herritar eta langile euskaldun guztiei; euskararen erabilpena bera debekatu eta euskal kulturaren arrasto guztiak ezabatu zituen. Bigarren Mundu Gerran (1939-1945) eragozpen bereziak izan zituzten Ipar Euskal Herrira eta Europako erbestera jo zuten iheslari euskaldunek eta Ameriketara jo behar izan zuten askok eta askok. Gerra amaitutakoan, Francoren diktadura luze gabe bukatuko zela pentsatu zuen askok, baina ez zen halakorik gertatu. 1949. urtean hasi ziren lehen langile grebak Bizkaian, eta 1950. urteetan indartu ziren Hego Euskal Herrian isilpeko talde abertzaleak, Euzko Alderdiari lotuta betiere. Gazte abertzale haiek ideologia molde berriak ekarri zituzten, eta mugimendu horren fruitu sortu zen Euskadi Ta Askatasuna taldea (1959). Erakunde horrek bi ezaugarri nagusi zituen: abertzaletasuna eta sozialismoa uztartzea (ezkerreko abertzaletasuna), ideologiari zegokionez, eta borroka armatua praktika politikoan. Garai hartan indartu egin zen euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekimena (ikastolen mugimenduaren sorrera, 1962). 1968. urtetik aurrera berebiziko nagusitasuna hartu zuen ETA erakundeak (Burgosko Auzia, 1970) eta, modu berean, sendotu egin ziren gerra aurreko nazionalismoa (Euzko Alderdi Jeltzalea) eta talde sindikalak (Euzko Langileen Alkartasuna), ETA eta Espainiako ezkerraren inguruko erakundekoekin batera. 1972. urtetik aurrera (Carrero Blanco Lehen ministroaren hilketa, 1973) areagotu egin ziren ETAren ekintza armatuak. 1975ean Franco hil eta berak ondorengotzat aukeraturiko Joan Karlos erregearen bidez erregetza ezarri zen Espainiako estatuan. 1976an berriro ere finkatu ziren 1936ko Gerra Zibilaren aurreko alderdiak Hego Euskal Herrian (Euzko Alderdi Jeltzalea eta PSOE sozialista nagusiki), eta 1977ko ekainean egin ziren aro berriko lehen hauteskundeak. 1978an erreferendum bat egin zen Espainiako erresumako konstituzio berria onartzeko edo gaitzesteko, eta Hego Euskal Herriak gaitzetsi egin zuen, estatuko gainerako lurraldeetan baiezkoa nagusitu zen arren. 1979. urtean onartu zen Euskadiko Autonomia Estatutua; Nafarroa hartatik kanpo geratu zen. 1980. urtean osatu zen Eusko Jaurlaritza berria. Ezker abertzaleko talde nagusiak (Herri Batasunak) ez zuen estatutua onartu. ETAk ere ez zuen lege eredu berri hori onartu eta aurrera egin zuen bere jardunean. Nafarroak beste bide bati ekin behar izan zion eta Foruaren Hobekuntza Legearen araberako autonomia eta erakundeak bideratu ziren lurralde hartan. Ipar Euskal Herrian asko indartu dira indar abertzaleak azken urte hauetan; hala ere, nagusi dira oraino talde politiko frantsesak eta Frantziako ezker nahiz eskuineko gobernuek behin eta berriro ukatu dute Ipar Euskal Herriarentzako departamendu berezia.
- Euskal Aktoreen Batasuna (EAB)
- Euskal Autonomia Erkidegoa
- Euskal Batasuna
- Euskal Birusa Elkarte Kulturala
- Euskal Ezkerra
- Euskal Herria
- Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK)
- Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
- Euskal Herriko Alderdi Sozialista. (E.H.A.S)
- Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundea
- Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO)